Gaindegia Txostena 2008: Adituen Analisia- Mikel Navarro

Etxegintza, finantza krisiak eta atzeraldi ekonomikoa
Mikel Navarro

2007 urtean Barne Produktu Gordinak (BPGk) %4tik gorako hazkundea izan zuen Hego Euskal Herrian, landunak milioi batetik gora izatera iritsi ziren EAEn eta 300 mila Nafarroan, langabezi tasak inoiz ezagututako mailarik apalenean zeuden (%4,3 Nafarroan eta %5,7 EAEn INEren arabera; edo %3,5 EAEn Eustaten arabera), enpresen errentagarritasunak azken urteetako marka guztiak hautsi zituen…
Mikel Navarro
Euskal Lehiakortasunerako Institutuaren ikertzailea /
Deustuko Unibertsitatearen ekonomi katedraduna

Hori ikusita, nork esan beharko liguke 2008 urtearen bukaeran jendea beldurrak jota ibiliko zela, batzuen ustez sekulan santan ezagututako krisirik latzenaren atarian? Nola iritsi gara, bada, honetara? Krisiaren eragile hiru faktore nagusi aipa daitezke: higiezinen sektorea (etxegintza, batik bat), finantza-sektorea eta energia eta lehengaiak.

Energia eta lehengaien eragina hasieran eman zen, oraindik ere BPG eta enplegua sendo zeudenean. Izan ere, herrialde garatuetan ekonomia ongi doanean energia eta lehengai gehiago behar izaten da. Gainera, herri garatuen ekonomi hazkundeari lotuta sorturiko energi eta lehengaien eskariari, Txina eta India bezalako herri erraldoien ekonomiaren berealdiko hazkundeek eragindakoa erantsi zitzaion, energi eta lehengaien urritasuna areagotuz. Gure planeta ez zen gauza herri horien neurriz gaineko eskariaren hazkundeari erantzuteko (areago, energia berriztagarriak sortzeko asmoz, nekazaritzako hainbat oinarrizko produkturen eskaria ere handitu zenean) eta prezioak gora joan ziren ziztu bizian. Hazkunde-eredu horren kontraesana, ordea, ezkutuan gelditu zen krisiak ekonomia jo eta energia eta lehengaien eskaria apaldu zuenean. Berriz ere petrolio, txatarra eta abarren prezioek behera jo zuten. Hau da, krisiaren sortzearen atzean zeuden hiru arrazoi horietatik bat: energiaren eta lehengaien prezioen gorakada, krisiak berak isilarazi du. Ez, ordea, konpondu. Epe luzera, kontraesan hori konpontzen zailena delako. Horretarako, produkzio eta kontsumo-moldeak aldatu beharko lirateke errotik. Egunotan hizpide dugun kapitalismoaren berreraikitzea baino nekezagoa dena, noski.

Higiezinen sektorearen krisia

Beste bi faktoreetan gertatutako krisietatik etxegintzarena izan zen, denbora aldetik, aurrenekoa. Etxegintzaren krisi hori ia herrialde aurreratu guztietan jazo da (Japonian eta Alemanian salbu, non etxegintzaren krisia lehenago gertatua zen). 90eko hamarkadaren erdialdetik oraingo hamarkadaren erdialdera AEBetan eta Frantzian, adibidez, urtero egiten ziren etxe berrien kopurua %40 handitu zen eta etxebizitzen prezioak %100 igo ziren. Etxegintzaren boom hori, diru-politikak ekarritako interes-tasa apalenei zor zitzaien neurri handi batean. Baina etxegintzaren boom hori inon neurriz gainekoa izatekotan, Espainian izan zen: urtero 650.000 etxebizitza berri egiten ziren (aurreko hamarkadan baino %90 gehiago) eta prezioak ere beste herrialdeetan baino gehiago igo ziren: %150.

AEBetan etxe horietako asko kaudimen gutxiko jendeak erosi zituen (ninja izengoitiz deitu izan zirenak, ez sarrerarik, ez lanik eta ez aktiborik ez zutelako: non income, non job, non assets). Horretarako, finantza-erakundeek etxearen balio osoa baino kopuru handiagoko hipoteka-maileguak eman ohi zizkien, interes-tasa handiak kobratuz. Izan ere, 2002tik aurrera diru-politikak ekarritako interes-tasa apalen aurrean, arrisku handiagoko bezeroei kreditua emanez interes-tasa handiagoa lortzea bilatu zuten finantza-erakundeek. Gero, hipoteka-mailegu horiek multzokatuz titulu berri bat jaulki eta, diruari etekin handiagoa atera nahi zioten beste hainbat erakunderi (adibidez, kanpoarekiko harremanetan superabita zuten herrietako banku eta pentsio-fondoei) saltzen zioten titulu hori. Horrela, finantza-erakunde horiek hipoteka-mailegu horien arriskua (“aktibo toxikoa”) beste batzuei pasatzen zieten eta, bide batez, dirua inguratzen zuten beste ninja batzuei hipoteka-mailegu bat eman ahal izateko. Aktibo hori erosten zutenek ez zuten imajinatzen horren toxikoa zenik, zeren eta, haiekin egindako eragiketa batzuei esker (zatikatu, ordenatu ez kobratzeko zuten posibilitatearen arabera, kobratzeko lehentasun ezberdinak ezarri…) azkenean aktibo horrek berekin zeraman arriskua ikusterik ez baitzegoen eta balorazio-agentzia batzuek eta aseguru-etxe batzuek aktibo horiei balorazio oso ona eman baitzieten eta haien ordainketa aseguratzen baitzuten.

Lehenago iradoki dugun bezala, ninja horiek nekez erantzun ahal izango zieten hipoteka-maileguaren betebeharrei. Hasieran horrek ez zuen axola handirik, ordea. Izan ere, etxeen prezioak gora ziztu bizian zindoazenez gero, ninja horietako batek maileguaren amortizazioa eta ordaintzen ez bazuen, etxea saltzera behartzen zitzaion eta, lortutako prezio altuarekin, hipoteka-mailegua itzultzeko behar baino diru gehiago eskuratzen zen. Arazoa piztu zen interes-tasak goratu eta etxebizitzen prezioak beheratu zirenean. Orduan, alde batetik, maileguaren ordainketari ezin erantzun ziezaioketen ninjen kopurua biderkatu zen; eta, bestetik, maileguaren amortizazioak ez erantzuteagatik etxe horiek salgai jartzen zirenean, ezin zen maileguaren zenbatekoa berreskuratu eta mailegu horiek galgarriak gertatu ziren.

Nazioarteko finantza-krisia

Ordurako, alabaina, aktibo toxiko horiek herri askotako finantza-etxeen balantzeetara zabalduak ziren. Inork ez zekien, zehatz-mehatz, beste finantza-etxeak zenbateraino zeuden “harrapatuak” eragiketa horietan eta, hortaz, zenbateraino ziren fidatzekoak haiei dirua uzteko. Konfiantza hori galduta, bankuek elkarri dirua emateari uko egin zioten eta finantza-merkatuak blokeatu egin ziren. Testuinguru horretan, kaudimen eta likidezia arazoengatik makina bat finantza-etxek porrot egin zuen.

Finantza-krisian, beraz, agente askok huts egin zuen. Bai nahiko sarrerarik izan gabe mailegua hartu eta etxebizitza erosi zutenek, ez zutelako pentsatu behar etorkizunean ere interes-tasak oso apalak izango zirela eta etxebizitzen prezioak goraka segituko luketela. Bai ninja horiei mailegua eman zietenek, ia segurtzat eman zitekeelako horrelako asko ordaintzerik egongo ez zela. Bai mailegu toxiko horietan oinarriturik sortutako aktibo berriak ongi baloratu zituztenek (rating agentziae) edo horiekin egindako eragiketak aseguratu zituztenek (aseguru-etxeak). Bai aktibo horien balorazio eta ziurtatze horretaz fidaturik eta haien errentagarritasun handiagoaz erakarririk, aktibo horien egiazko arriskua neurtu gabe, aktibo toxiko horiek erosi zituzten gainerako finantza-erakundeek (bankuek, pentsio-fondoek eta abarrek). Bai finantza-sistemaren erregulatzaileek, bankuen balantzeetatik kanpo eta inongo gainbegiratze edo ikuskapenik gabe eragiketa horiek guztiak egiten utzi zutelako, eta ziklo ekonomikoa behar bezala kontuan hartzen zuten arauketarik ezarri ez zutelako. Bai banku zentralek, hasieran interes-tasa apalegiak jartzean etxebizitzen prezioen boom delakoa piztu zutelako eta finantza-erakundeak errentagarritasun handiagoa izateko arrisku gehiegiko eragiketetara bultzatu zituztelako.

Krisia lehertu eta gero diru-agintariek (banku zentralek, alegia) hartutako neurriak horrelako egoeretarako gomendatu ohi direnak izan dira. Finantza-etxeen artean sortutako konfiantza-ezaren ondorioz elkarri dirurik mailegatzen ez ziotenez eta merkatuetan likideziarik ez zegoenez, haiek saiatu dira sisteman likidezia sartzen. Europako Banku Zentralak, adibidez, sistemaren likidezia handitzeko eragiketetan zeuden kopuru-murriztapenak kendu ditu (hots, bankuek hari eskatutako adina diru emateko prest agertu da), diru hori gainera epe luzeagotara ematen du, eta diru emate horren truke berme-gisa onartzen dituen aktiboen zerrenda zabaldu du. Horrekin batera, gainera, banku-arteko merkatuetan likidezi falta horrengatik gertaturiko euroiborrareen gorakada mozteko eta ekonomia suspertzeko, bere eragiketen interes-tasak beheratu dituzte.

Gobernuek ere, bere aldetik, hainbat neurri hartu dute finantza-krisiari aurre egiteko. Krisi gorrian murgildutako bankuetan salbamendu-neurriak hartu dituzte. Zenbait herrialdetan bankuen kapitala sendotzeko neurriak hartu dira (eskuarki, Estatua finantza-etxeen kapitalean sartuz). Gobernu askok bankuei abalak eman dizkie eta haien zorra bermatu. Gobernu ugarik bankuei aktiboak erosi dizkie, modu horretan haien likidezia handituz. Eta herri guztietan, jendearen beldurra kendu eta gordailugileek bankutik dirua atera ez zezaten, gordailuen itzulera Gobernuek bermatu dute (kopuru handi bateraino, behintzat).

Espainiako eta Hego Euskal Herriko finantza-krisiaren ezaugarriak

Finantza-krisi honek berezitasun batzuk izan ditu Espainian, bertan banku-sistemak dituen ezaugarriak direla medio. Alde batetik, AEBeko bankuetan ez bezala, hemengo bankuen zeregin nagusia ez zen maileguak kontratatzea gero beste erakunde batzuei pasatzeko (“sortu eta ondoren banatu” deituriko eredua), baizik eta Espainiako bankuak negozio tradizionalean aritzen ziren gehienbat (dirua gordailu moduan hartu eta kreditu moduan ematen).

Alderapena aktiboaren aldetik hasten bagara, lehenengo eta behin esan beharra dago, beste zenbait herritako bankuek ez bezala, hemengo bankuek ia ez dutela bere balantzeetan AEBetako finantza-etxeei erositako aktibo toxikorik: Espainiako bankuek bertan kreditu eskaera ugari zuten eta, hortaz, ez zuten kanpora joan beharrik izan diruari etekina ateratzera. Hemengo bankuen jarduera gehiena (%60, gutxi gorabehera) etxegintzaren inguruan mugitzen zen: etxea erosi nahi zuten gizabanakoei, etxegileei eta higiezinen sustatzaileei kredituak ematen zieten. AEBetan ez bezala, etxea erosteko gizabanakoei ematen zitzaien maileguaren balioa ez zen etxearen balioa baino handiagoa izaten: AEBetan mailegua etxearen balio-tasazioaren %105ean iristen bazen, Espainian %70ean zebilen. Krisiarekin, etxebizitzen prezioak jaisten hasi dira, baina hala ere, salbuespenezko kasuetan izan ezik, oraindik ere etxearen balioa handiagoa da ordaindu gabe gelditzen den maileguaren balioa baino. Espainiako bankuek gizabanako horiekin epe luzeko harremana sortu nahi izaten zuten eta, hipoteka-maileguarekin lortutako loturan oinarrituz, bezero horri beste hainbat produktu saldu (txartelaren erabilera, ordainketa-helbideratzeak, aseguruak, etab.). Horregatik, AEBetako bankuetan ez bezala, bezero horrek epe luzera planteatzen zituen aukera eta arriskuak ongi neurtzea komeni zitzaien, eta bezero horren kaudimena eta arriskua gertutik segitzea. Gainera, Espainian, AEBetan ez bezala, hipoteka-mailegua hartutako gizabanakoak ez du erantzuten hipotekatutako etxearen balioarekin bakarrik, bere gainerako ondasun guztiekin baizik. Horregatik, etxebizitza erosteko emandako maileguek ez dute, orain arte, horrenbesteko arazorik sortu Espainian.

Beste gauza bat gertatzen da, ordea, higiezinen sustatzaileei emandako finantzaketarekin. Askotan higiezinen sustatzaile horiek maileguen diruarekin lurzorua erosteari ekin zioten. Erosi zutenean lurzoru hori txit garesti zegoen, baina krisia etortzean, lurzoruaren prezioa ikaragarri erori da, batik bat lurzoru hori bigarren etxebizitzarako aurreikusita zegoen tokietan. Etxebizitzen prezioa %25 inguru erori bada, batez beste, lurzoruaren prezioaren beherapena %70ekoa izan da. Kasu hauetan, gainera, higiezinen sustatzaileek, sozietate anonimoak izaki, sozietateen aktiboekin bakarrik erantzun behar dute. Hauxe da, hain zuzen ere, banku eta aurrezki-kutxek duten arriskurik handienetako bat: higiezinen sustatzaileei emandako kredituen kobrantza. Enpresa horietako batzuk (Martinsa, Tremón, etab.) ordainketa-etenduran sartu dira, banku eta aurrezki-kutxa ugari hartzekodun zutela.

Pasiboen aldetik, AEBetako bankuek ez bezala, hemengo bankuek ez dute bere negozioetarako behar zuten dirua finantza-merkatuetan epe laburrera eskuratu. Aitzitik, hemengo bankuen diru-sarrerarik handiena gordailuetatik zetorren. Espainiako bankuei, ordea, ez zitzaien iristen bertako aurrezkitik lortzen zituzten gordailuekin bere inbertsioak finantzatzeko eta atzerri finantza-merkatuetara jo beharrean aurkitzen ziren, finantzazio bila. Hain zuzen ere, subprime hipotekek nazioarteko finantza-merkatuetan sorrarazitako krisiak ez zituen jo Espainiako bankuak aktibo toxiko horietan dirua inbertitua zutelako, baizik eta merkatu horietatik diruz hornitzen zirelako eta bat-batean hornidura hori eten zelako. Dena den, esan beharra dago finantza-bide horren etendura ez zela horren larria izan bi arrazoiengatik: batetik, AEBetako bankuek ez bezala, Espainiako bankuek finantza-merkatuetan hartutako dirua gehienetan epe luzera zelako eta, beraz, bat-batean itzuli beharrik ez zegoelako; eta, bestetik, lehen erakutsi bezala, krisia lehertu denean, Europako Banku Zentralak eta Espainiako Gobernuak bankuak finantzatzeko lerro berriak ireki zituztelako.

Laburbilduz, Espainiako banku eta aurrezki-kutxak negozio tradizionalean aritu dira gehienbat eta bertan nahiko errentagarritasun lortzen zutenez gero, ez dute finantza-berrikuntzen zurrunbiloan itsu-itsuan sartu behar izan. Gainera, Espainiako Bankuaren jarrera finantza-berrikuntzari eta eragiketa arriskutsuetan sartzeari buruz oso zuhurra izan da. Aurreko hamarkadetan Espainiako bankuek jasandako krisiarekin eskarmentaturik, Espainiako Bankuak banku eta aurrezki-kutxetan oso gainbegiraketa eta ikuskapen zorrotzak egiten zituen: ez zuen balantzeez kanpoko eragiketarik onartzen, baliabide propio handiagoak izatera eta emandako kredituengatik hornidura handiagoak egitera behartzen zituen bankuak, etab.

Finantza-krisi horretan Espainiako eta Hego Euskal Herriko banku eta aurrezki-kutxek beste herrietakoen aldean agertzen dituzten kaudimena, likidezia eta errentagarritasuna, lehen agerturiko aktibo eta pasiboko ezaugarrien bidez azal daitezke.

Kaudimen aldetik, higiezinen sektoreak izandako krisiak eta 2004tik aurrera gertatutako interes-tasen gorakadak “berankortasuna” (hots, kreditua dagokion unean ez ordaintzea) biziki handitu dute. Lehen esan bezala, berankortasunak askoz larriagoa dirudi higiezinen sustatzaileen kasuan, gizabanakoen kasuan baino. Espainiako Bankuak eta zenbait adituk jendea lasaitu nahi izan dute esanez Espainiako bankuek beste tokietakoek baino baliabide propio gehiago dutela, aurreko urteetan hornidura handiagoak egin dituztela, aktibo asko balantzeetan bere egiazko balioaz azpitik kontabilizatuta daudela, etab. Hala ere, beste zenbait adituk diote lurzorua erosteko higiezinetako agentziei eta emandako diruak (edo bankuek eta aurrezki-kutxek berek zuzenean higiezinen sektorean izandako zuzeneko parte-hartzeak) finantza-erakundeen baliabide propio eta hornidurak baino franko handiagoak direla, eta higiezinen sektorean okerragotzeak jarraituko balu berealdiko galerak sorraraz litezkeela eta finantza-etxe bat baino gehiagoren porrota ekarri. Merkatu-espezializazioagatik, arrisku horiek handiagoak dirudite aurrezki-kutxen sektorean, bankuenean baino. Dena den, kaudimenari dagokionez, Hego Euskal Herriko aurrezki-kutxen egoera hobea da beste tokietakoa baino, berankortasun-ratioetan eta baliabide propioen ehunekoan Espainiako hoberenen artean kokatzen direlako.

Likideziaren aldetik, lehen esan bezala, nazioarteko finantza-merkatuetako finantzazioa eten da. Horren aurrean, Espainiako bankuek eta aurrezki-kutxek Europako Banku Zentralak eta Espainiako Gobernuak finantzatzeko eskainitako aukera berrietara jo dute, eta gordailuen bidez diru gehiago inguratzen saiatu dira. Nahiz eta Espainiako finantza-etxek aurreko urteetan kanpoan hartutako finantzazio gehiena epe luzekoa izan, horietako batzuk bere epemugara iristen hasi dira eta zenbait banku eta aurrezki-kutxa likidezi arazorekin aurkitzen hasi dira, seguru asko aurrerantzean biziagotuko direnak. Alde horretatik, EAEko kutxak oso egoera onean daude (Espainiako hoberenen artean) eta Nafarroakoa apur bat gaizkiago.

Azkenik, errentagarritasunaren aldetik, krisiarekin batera etorritako berankortasunak eta kreditu-eskaeren gutxitzeak banku eta kutxen errentagarritasunean eragin gaiztoa izango dute. Eragin gaizto hori are handiagoa izango da aurreko urteetan asmo handiko zabaltze-politiketan murgildutako erakundeetan (irekitako bulego berriak errentagarri bihurtzeak denbora askoz gehiago eskatuko duelako) eta higiezinen sektorean (bai zuzenean edo bai higiezinen sustatzaileen bidez) inplikaturiko erakundeetan. Bestalde, kontuan hartu behar da azkeneko urteetan banku eta kutxen irabazietatik %40 inguru, finantza-bitartekotzatik etorri beharrean, banku eta aurrezki-kutxek enpresen kapitalean egiten zituzten inbertsioetatik zetozela eta, orain burtsa dagoen bezala, ez dela espero hori mantendu ahal izatea. Laburbilduz, krisiarekin batera finantza-etxeen errentagarritasunak okerrera egingo du seguru asko.

Ekonomia errealaren atzeraldia

Eraikuntzaren sektorearen amiltzea dela eta, sektore horren hazkuntzarekiko menekotasun handiagoa duten ekonomiek krisiaren eragin gaiztoagoak pairatuko dituzte. Alde batetik, eraikuntzaren sektoreak berak izango dituen produkzio eta enplegu galerengatik. Bigarrenik, eraikuntzaren input eta produktu erlazionatuei loturik, gertatuko diren zeharkako eragin gaiztoengatik: altzairu, zementu, etxetresna elektriko, altzari, igogailu eta abar gutxiago eskatuko baitira etxeetarako. Etxebizitzen prezioak behera egitean, “aberastasun efektua” dela medio, jendeak gutxiago kontsumituko du. Hots, higiezinen sektorearen krisiak gainerako ekonomia produktiboaren hainbat eta hainbat sektoretan eragin gaiztoa dauka.

Horrekin batera, finantza-krisiak eragindako likidezi eza dela eta, banku eta aurrezki-kutxak kreditua emateko uzkur agertzen dira. Horrek kalte gehien ekipamendu kontsumo iraunkorreko ondasunak ekoizten dituztenei egiten die (haien produktuen salmentetarako kreditua maizago erabiltzen delako). Baina kreditu murriztapen horiek sektore guztiak jotzen ditu, Espainiako enpresek aktibo zirkulagarria finantzatzeko beste herrialdetakoek baino gehiago epe laburreko zorpetzera jotzen dutelako.

Aipatutako bi faktoreetan Hego Euskal Herriko egoera apur bat hobea da Espainiakoa baino. Alde batetik, eraikuntzaren sektoreko enpleguak ekonomia guztian duen pisua txikiagoa da EAEn (%9) Espainian baino (%12); Nafarroan, berriz, eraikuntzak ia Espainian adina pisua du (%11). Bestetik, lehenago esan bezala, bertako aurrezki-kutxek (EAEkoak modu nabarian; eta Nafarroakoa ez hainbeste) likidezia arazo gutxiago dute Espainiakoak baino eta, beraz, kreditua gutxiago murriztu dute. Gainera, euskal enpresek zorpetze apalagoa dute Espainiakoek baino eta, alde horretatik, kreditu murriztapenei aurre egiteko posizio hobean daude.

Azken datu makroekonomikoen arabera ere, EAE, eta neurri apalagoan Nafarroa, hobeto moldatzen ari dira kinka larri honetan Espainia baino. 2008ko 3. hiruhilekoan, adibidez, Barne Produktu Gordinaren urte-arteko hazkundea %1,9 eta %1,8 izan zen EAEn eta Nafarroan, eta Espainian, aldiz, %0,7 bakarrik. Langabezi tasaren aldetik ere, EAEk eta Nafarroak portaera hobea dute (%6,3 eta %7,1, hurrenez hurren, 2008ko 3. hiruhilekoan) Espainiak (%11,3) baino.

Aditu askok egungo krisia 1929ko Beheraldi Handienetik ekonomiak bizi izan duen gogorrena kontsideratzen dute. Nire ustez, BPGren hazkundearen aldetik, baliteke gaurko krisiak aurrekoekin nolabaiteko antza izatea. Baina langabeziaren eta ongizatearen aldetik, ordea, nahiko urruti geldituko gara orduan pairatutako egoera latzetik.

Has gaitezen alderatzen oraingo krisia, neurri handi batean finantza-sektoreari lotua, munduan gertaturiko beste finantza-krisi handiarekin: Beheraldi Handiarekin, alegia. Bien arteko ezberdintasunak, Sala-i-Martínek erakutsi duen bezala, handiak dira. Lehenik eta behin, 1929koan jendearen gordailuak ez zeuden segurtaturik eta, hortaz, bankuen porrotekin batera jende askok bere aurrezki guztiak galdu zituen, egungo krisian gertatu ez dena. Bigarrenik, orduan urre-patroia egotean, banku zentralek ez zuten sistema behar zuen likideziaz hornitu; egungo krisian, aldiz, lehenago erakutsi bezala, banku zentralak sistemak behar zuen likidezia ematen ahalegindu dira. Hirugarrenik, 1929ko krisian deflazioa gertatu zen eta, prezioak eta alokairuak beheratzean, jendea bere zorrak ordaindu ezinean gelditu zen; oraingoan, ostera, inflazioak dirau, pixka bat beheratuta izanagatik ere. Laugarrenik, Beheraldi Handian krisiaren aurrean Gobernuek neurri babesleetara jo zuten, nazioarteko merkataritza eragotzi eta krisia sakondu zutenak; oraingoan, berriz, orduan gertatutakoaz eskarmentaturik, inork ez du horrelako neurririk proposatu. Bosgarrenik, 1929ko krisia lehertu zenean finantza-sektoretik at errentagarritasuna guztiz makala zen; aitzitik, oraingo krisia azaleratu denean, enpresa ez finantzarioen errentagarritasuna bere punturik gorenean zegoen. Azkenik, 1929an jendearen biztanleko errenta askoz apalagoa zen orain baino eta gizarte-babespide gutxiago zegoen ezbeharren aurrean; horregatik, nahiz eta oraingo krisian jendearen errenta jaitsi, jendearen biziraupena ez da hain kolokan jarriko.

Azkenik, aldera dezagun oraingo krisia 1993ko krisi bortitzarekin. Lehiakortasun aldetik, 90eko hamarkadaren hasieran ia gure industria osoak arazoak zituen eta jendeak zalantza handiak zeuzkan birmoldaketan ari ziren sektoreak egunen batean berriz ere lehiakor izatera iritsiko ziren edo ez. Gaur egun, berriz, doitu beharrean aurkitzen den sektorerik behinena eraikuntza da. Sektore horretan, ordea, aldi batez geldituta egon ondoren, berriro hasiko dira bertako etxegileak etxe berriak egiten. Bestela esanda, oraingo sektoreen etorkizuna ez dago, orduan bezala, auzitan kanpokoen mehatxuagatik.

Bestalde, lehen esan bezala, euskal enpresak nahiko sendo iritsi dira krisialdira: instalazioak aski berriturik, soberako langilerik gabe, pasiboak nahiko osasundurik, nazioartean ibiltzeko trebaturik, kalitatezko sistemak oso zabaldurik, etab. Horren isla da Espainiako Bankuaren Balantzeen Zentraleko enpresa ez finantzarioek are 2008ko 2. hiruhilekoan erakusten zuten finantza-balankatze positiboa. 1993ko krisian, aldiz, enpresen finantza-balankatze negatiboa zenbait urte lehenago hasia zen eta enpresak “etxeko lanak” eginak izan gabe heldu ziren krisialdira.

1993an Estatua defizit publiko galantarekin eta nahiko zorpeturik iritsi zen krisialdira. Oraingoan, berriz, superabitarekin iritsi da eta, beste herriekin alderaturik, gutxi zorpeturik. Autonomi Administrazioak ere oso finantza-egoera osasuntsuan iritsi dira. Horrek krisiaren kontrako politika konpentsatzaileak aurrera eramateko aukera gehiago ematen du.

Azkenik, 90eko krisialdian gauzak okerragotzen hasi zirenean langabezi tasaren abiapuntua askoz altuagoa zen: 1990ean, Eustaten arabera, EAEko langabezi tasa %16koa zen. Eta unerik txarrenean (1993-1994 urteetan) langabezi tasa %25eraino iritsi zen. Orain berriz, langabezi tasak askoz apalagoak dira: INEren ustez, EAEn %6,3 (Eustaten arabera are txikiagoa: %3,5) eta Nafarroan %7,1. Gainera, oraingoan langabezia ez dirudi orduan bezainbeste handituko denik. Izan ere, orduan, langabezia handitzen zen bai galdutako enpleguengatik eta bai lan-merkatura enplegu bila hasten zen jende berriagatik. Azken hauek asko ziren: (i) alde batetik, boom demografikoagatik askoz gehiago baitziren lan-adinera iristen ziren gazteak erretiro-adinera iristen zirenak baino; (ii) bigarrenik, makina bat emakumek lan-merkatura jotzen baitzuen lan bila, artean emakumeen jarduera-tasa oso apala izanik; eta (iii) hirugarrenik, artean ugari baitziren lehenengo sektoretik kanporatuak ziren langileak, beste sektoreetan lan hori bilatzen ahalegintzen zirenak. Gaur egun, ordea, lan-merkatuan presioa egiten duten hiru indar horiek, guztiz desagertu ez badira ere, asko moteldu dira: gehiago dira orain erretiro-adinera iristen direnak lan-adinera iritsitakoak baino; emakumeen lan-merkaturatzea neurri handi batean emana dago eta, hortaz, etorkizunean, gutxi izango dira lan-merkatura joko duten emakume gehigarriak; eta lehen sektoreak dagoeneko oso lanpostu gutxi du eta, beraz, ez du etorkizunean jende askoz gehiago sektore horretatik iraitziko.

Beraz, garai txarrak datozkigu. Duda gabe, langabeziak gora joko du, bortizki. Baina ez dugu espero behar 80ko eta 90eko hamarkaden erdialdean iritsitako langabezi tasak berriz ere errepikatzea.

Egilearen oharra: Eskerrak eman nahi dizkiet Itziar Navarrori eta Xabier De la Mazari, artikulu honen lehenengo bertsioaz iradokitako zuzenketagatik eta hobekuntzagatik. Dena den, bertan dirauten akatsak niri dagozkit soil-soilik.

Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.

Oharra: Mikel Navarroren testu hau, jatorrizko testu osoa da, argitalpenekoa honen bertsio laburtua da. Hala ere, testu osoa pdf-an, jarraian.