Skip to main content

Puntako teknologiako enpleguetan Europako batez bestekora iritsi ezinik

Puntako teknologiako enplegu sorrerak berebiziko garrantzia hartu du merkatu global berrian balio erantsi handiko ekoizpena bertakotzeko estrategian. Euskal Herria bide horretan urratsak ematen ari da baina Europar Batasunaren batez bestekoaren azpitik jarraitzen du. Ezagutzan intentsiboak diren jardueretan, ordea, azpimarratzekoa da bere posizioa hobetu izana.

Oinarri ez-materialen ekoizpena garrantzia hartzen ari da munduko ekonomian. Zentzu horretan, ezagutzaren erabilera intentsiboan oinarritutako jarduerek zein puntako teknologiakoek gero eta presentzia handiagoa dute. Goi-mailako ezagutza profesionalean oinarrituta, produktu eta prozesu propioak garatzeko gaitasuna duten berrikuntza handiko sektoreak dira. Munduko ekonomiak bizi duen etengabeko eraldaketa prozesuaren barruan oso nabarmenak dira aipatu jarduerek azken hamarkadan hartu duten abiadura. Olatu horien uhinak Euskal Herrira ere iristen dira.

2020 urtean puntako teknologiari loturiko 49.200 lanpostu erregistratu dira Euskal Herrian. Horietatik 10.800 manufaktura-industriako enpleguak dira eta beste 38.400 ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuen sektorekoak. Puntako teknologiaz harago, ezagutzaren erabilera intentsiboan oinarrituriko enplegu bolumen totala 521.900 lanpostukoa izan da 2020an. Enplegu multzo handi horrek bere baitan hartzen ditu hezkuntza, informazioa eta komunikazioak, herri-administrazioa, aholkularitza edota ingeniaritza bezalako jarduerak.

2014 urteaz geroztik gorabidean diren jarduerak

2008az geroztiko krisiak sektore ekonomiko tradizionalak ezezik jarduera hauek ere nabarmen kaltetu zituen Euskal Herrian. Halere, 2014tik aurrera enplegua sortzeko gaitasuna izan dute. Salbuespen gisa aipagarria da iazko osasun larrialdiaren testuinguruan puntako teknologiari loturiko zerbitzuetan 400 lanpostu desagertu izana. Puntako teknologiari loturiko enpleguak, manufaktura-industriakoa eta zerbitzuetakoa barne, Euskal Herriko enplegu guztien %3,7 osatzera iritsi da azken urtean. Ezagutzaren erabilera intentsiboari loturiko enpleguak, ordea, enplegu osoaren %37,4 osatu du (finantza eta aseguruetako jarduerak barne hartuz gero, enpleguaren %39,5era iritsi da zifra).

Puntako teknologiako enplegu-mailan, Europako estatuen rankingean, Euskal Herria 22. postuan

Europar Batasunean puntako teknologian oinarritutako enpleguak Euskal Herrian baino pisu handiagoa du manufaktura-industrian zein zerbitzuen alorrean. Europan puntako teknologian enplegu proportzio handiena duten estatuak Irlanda, Eslovenia, Suitza eta Finlandia dira. 2008az geroztik mota horretako enplegu ugari sorrarazi dute Estoniak, Esloveniak, Irlandak eta Eslovakiak.

Puntako teknologiako enpleguari dagokionez 22. postuan legoke Euskal Herria, Italiaren eta Portugalen artean, Euskal Herria Europar Batasuneko 28. lurraldea balitz. Balizko egoera horretan 19. postuan legoke 2008an (Erresuma Batua kontuan izan gabe). Izan ere, 2008/2020 epealdian Bulgariak, Kroaziak eta Letoniak aurrea hartu diote Euskal Herriari. Estatuz azpiko geografiari begiratuta, ordea, nabarmena da estatu buruen joera metakorra: Madril, Paris, Erroma, Londres, Viena, Varsovia…euren estatuetako erreferentziazko lurraldeak dira. Ondorioz, Europar Batasuneko erreferenteak dira.

Ezagutza intentsiboko enplegu-mailan 11. postuan dago Euskal Herria

Euskal Herrian ezagutza intentsiboari loturiko enpleguak, finantza eta aseguruetako jarduerak alde batera, Europar Batasunaren pareko pisua du enplegu guztiekiko proportzioan. Europako estatuen rankingean, Euskal Herria 11. postuan kokatzen da, Alemania eta Estonia artean. 2008 urtean, estatu multzo horretan, 18. postuan zegoen. Bestela esanda, 2008az geroztik ezagutzan intentsiboak diren enpleguen sorreran Euskal Herria Austria, Hungaria, Italia, Letonia, Grezia, Estonia eta Zipre baino bizkorrago aritu da.

Ezagutzan intentsiboak diren enpleguen proportzio handiena duten estatuak Suedia, Belgika, Danimarka eta Finlandia dira. EB-27tik kanpo aipatzekoak dira Norvegia, Islandia eta Erresuma Batua. Euskal Herrian EB-27an baino zertxobait ugariagoak dira halako enpleguak merkatukoak ez diren bestelako zerbitzuetan (hezkuntza, herri administrazioa, osasun jarduerak…), merkatukoak diren zerbitzuak eta puntako teknologiari aipaturiko zerbitzu garatuen kaltetan.

Emakume gutxi daude produktibitate handieneko jarduera ekonomikoetan

Emakumeen gabezia nabarmena da puntako teknologiari loturiko zerbitzu aurreratuetan: Euskal Herrian izaera honetako enpleguaren %39 emakumeek betetzen dute. Puntako teknologiako manufaktura-industrian, aldiz, emakumeen presentzia %47koa da. Alegia, produktibitate handieneko jardueretan emakumeen presentzia gizonena baino apalagoa da. Genero desoreka horiek are handiagoak dira Europar Batasunean.

Ezagutzan intentsiboak diren jardueretan, ordea, enpleguaren %60 emakumeen esku dago, besteak beste, osasun eta gizarte zerbitzuetan (%77), hezkuntzan (%68), higiezinen jardueretan (%66) edota administrazio jardueretan eta zerbitzu lagungarrietan (%56) emakumeek duten presentzia handiagatik.

Etiketa orokorrak