Skip to main content

2020 urteak prezioen igoera eten egin du

Kontsumo Prezioen Indizeak behera egin zuen Hego Euskal Herrian eta paretsu mantendu zen 2020ko urte amaieran, iazko epealdi berdinarekiko alderaketan. Europan prezioek apalki gora egin zuten.

2020 urtean salneurrien igoera eten egin zen Euskal Herrian. Kontsumo Prezioen Indize (KPI) orokorrak Hego Euskal Herrian negatiboan itxi zuen (-%0,4) eta, Ipar Euskal Herrian, urtebete lehenagoko maila berean (%0,0). Osasun larrialdiak Hego Euskal Herriko prezioen jaitsiera eragin zuen apiriletik abendu bitartean. Iparraldean ez zen halakorik gertatu, baina prezioen igoera apala izan zen urte osoan zehar.

Osasun larrialdiak KPI orokorraren igoera eten egin bazuen ere, urtean zehar zenbait produktuen garestitzea nabarmena izan zen. Ezohikoa izan zen udaberria: barazki eta fruta freskoak edota arrainak prezio igoera garrantzitsua izan zuten. Aldi berean, erregaien prezioa merketu egin zen, Brent upelaren prezioaren jaitsiera historikoa medio. Saudi Arabia eta Persiar golkoko beste estatu arabiarrek produkzioa handitzearen ondorioz petrolioa lehenagotik merketze joeran murgilduta zegoen eta horrek, pandemia hasieraren ziurgabetasunarekin batera, 2020ko martxoan Brent upelaren balioa minimo historikoetan jarri zuen. Ordutik petrolioaren kontsumoa mundu mailan murriztu arren, produkzioa gutxitu eta prezioak gora egin zuen urte amaiera arte.

Janariaren salneurriak gora eta garraioa eta etxebizitzetakoak   behera

Osasun larrialdiak ohiko kontsumo joerak baldintzaturiko urte amaieran, garraioari eta etxebizitzari loturiko gastuen prezioek behera egin zuten Hego eta Ipar Euskal Herrian. Jantzi eta oinetakoek ere behera egin zuten Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, ordea, komunikazioak eta aisia eta kultura merketu ziren.

Euskal Herri osoko salneurriek gorakada esanguratsua izan zuten janarian eta edari alkoholgabeetan, irakaskuntzan, etxeko tresnerian eta medikuntzan. Ipar Euskal Herrian, bestalde, prezioen igoera garrantzitsua izan zuten edari alkoholdunek eta tabakoak. Hego Euskal Herrian hotelak, kafetegiak eta jatetxeak garestitu ziren.

Europan prezioek apalki gora egin zuten

Europar Batasunean (27) prezioen igoera apalarekin itxi zen 2020 urtea. Prezioen igoera garrantzitsua izan zen Polonian, Hungarian, Txekiar errepublikan, Errumanian eta Eslovakian. Europar Batasunetik kanpo, salneurrien garestitze esanguratsua ere Turkian, Ipar Mazedonian eta Islandian. AEBtan ere KPIk gora egin zuen. Bien bitartean, bizitza nabarmen merketu zen Grezian, Eslovenian, Suitzan edo Irlandan. Euskal Herriko salneurrien pareko bilakaera izan zuten Portugalek, Luxenburgok, Italiak edo Kroaziak.