Skip to main content

[2019-II] Euskal Herriko langabezia-tasa %8,30era jaitsi da

2019ko bigarren hiruhileko datuen arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %8,30koa da (INE), aurreko hiruhilekoan baino 0,79 puntu apalagoa. EUSTATen arabera ere langabezia apaldu egin da azken hiruhilekoan, eta Euskal Herriko langabezia tasa 8,95an kokatzen du. Denboran hamarkada bat atzera egin behar da maila horretako langabezia topatzeko.

Azken hiruhilekoan langabezia tasaren jaitsiera garrantzitsua gertatu da Bizkaian (-1,49; INE), eta jaitsiera leunagoa, baina aipagarria hala ere, Gipuzkoan (-0,9; INE) eta Nafarroa Garaian (-0,51;INE). Aldiz, Araban (0,5; INE) eta Ipar Euskal Herrian (0,08; GAINDEGIA) gora egin du langabeziak. EUSTATen arabera, ordea, Araban ere, langabeziak behera egin du nabarmen (-1,6) eta Bizkaiko jaitsiera ez da INErena bezain nabarmena (-0,1, EUSTAT).

Oro har, bi iturrien emaitzak ez datoz bat ez biztanleria aktiboa ezta langabetu gordinen kopuruak azken hiruhilekoan izan duen bilakaeran ere: EUSTATek Euskal A.E.ko pertsona aktiboen igoera (5.000) eta langabetuen (-6.700) jaitsiera gertatu dela aditzera ematen du. INEk, ordea,  pertsona aktibo gutxiago (-1.100) eta langabetuak ere gutxiago direla (-10.300)  adierazi du. Azpimarratzekoa da langabetu kopuruaren beherakadan bat baldin badatoz ere, diferentzia nabarmena dagoela biztanleria aktiboaren joeran, INEk jaitsiera adierazi baitu eta EUSTATek igoera.

Joerak alde batera, Bizkaian kokatzen da Euskal Herriko lurraldeen arteko langabezia-tasa altuena (%9,74). Hala berresten du EUSTATek ere. Ostera, Ipar Euskal Herriak eta Gipuzkoak dute langabezia tasa apalena.

EB-28an ere langabezia-tasak behera egin du azken hiruhilekoan (-0,50), behin-behineko datuen arabera. Hala, Euskal Herriko langabezia tasak EB-28koa baino 2 puntu handiagoa izaten jarraitzen du (INE). Aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa da bi tasen arteko aldea. 

Etiketa orokorrak