Skip to main content

Landa lurraren kaltetan doaz ugaltzen basoak

XX. mendean zehar basoen hedapena larre eta nekazal lurren kaltetan izan da. Euskal paisaiaren eraldaketa hau nabarmenagoa izan da isurialde kantauriarrean. Hain zuzen ere, isurialde horretan dago ekosistemarekiko integritate gutxiko baso lurren presentzia handiena.

1900. urtean larreek eta basoek Euskal Herriko azaleraren %42 (8.800 km2) eta %36 (7.500 km2) osatzen zuten, hurrenez hurren. 110 urteren buruan 2.000 km2 inguru baso izatetik larre izatera igaro dira, eta, dagoeneko, Euskal Herriko azaleraren heren bat hartzen dute belardiek (6.900 km2). Basoek, aldiz, azaleraren %44 (9.300 km2) osatzen dute. Gaur egun nekazaritzarako baliatzen den lur azalera XX. mende hasierako kopuru bertsuetan dagoen arren, gerraondoko hamarkadetan (1950/1990) jarduera horretara bideratzen zen azalera baino murritzagoa da. Izan ere, aldi horretan nekazaritzara emandako 600 bat kilometro karratu lur -Euskal Herriko azaleraren %2,7 inguru- bestelako jarduera bati dagozkio egun.

Wageningengo (Herbehereak) unibertsitateak Europa osorako egindako ikerketak utzitako emaitzak dira. Lurraren erabilera bilakaera historikoaren ikuspegitik aztertzeko aukera eskaintzen du, HILDA The Historic Land Dynamics Assessment metodologian oinarrituta. Horretarako, teknika digitalak, inbentario nazionalak, aireko argazkiak, lurreko estalkiaren estatistikak, entziklopedia zaharrak eta lurreko estalkiaren mapa historikoen datuak bateratu eta uztartu dituzte. Emaitzak kilometro karratu bateko zehaztasuna du, hots, kilometro karratu batean nagusitzen den lur mota kilometro karratu osoari egozten dio. Badira Euskal Herri osorako zehaztasun handiagoko datuak eskaintzen dituzten iturriak, hala nola, Corine Land Cover egitasmo europarra. Wageningen-go unibertsitatearen lana, ordea, bilakaera historikoaren ikuspegia eskaintzen aitzindaria da.

Isurialde kantauriarrean basoen hedapena larre eta nekazal lurren kaltetan

Euskal Herrian bi isurialde daude: kantauriar isurialdea iparraldean, eta mediterranear isurialdea hegoaldean. Klimatologia eta orografia aldetik, errealitate bereiziak osatzen dituzte. Kantauriar isurialdeko basoek azalera osoaren erdia baino zertxobait gehiago (%54) hartzen dute. Isurialde mediterraneoan, aldiz, basoen presentzia %37ra mugatzen da. Kontrara, nekazal lurren presentzia esanguratsua da hegoaldean, eta azaleraren %30era iristen da. Iparralde heze eta menditsuan nekazal lurrek azaleraren %6 baino ez dute hartzen: horregatik da hain garrantzitsua lurron kontserbazioa.

Klimatologia eta orografiaz gain prozesu historiko desberdinen ondorioa ere bada egungo lurraren erabilera. XX. mendeko hazkunde ekonomikoak zuraren eskaria handitu eta basoen hedapena eragin zuen, isurialde kantauriarrean bereziki. Hego isurialdean lurren jabetza publikoa edo komunala hedatuagoa izateak, besteak beste, bilakaera desberdina eragin zuen. Gaur egun ere Arabako baso azaleraren %76,2 herri-lurrak dira, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitatetik urrun. 2016ko azken datuei so, herrialde horietako baso azaleraren %23,7 eta %21,2 baizik ez dira lur publikoak.

Mediterraneoko isurialdean nabarmentzekoa da nekazal lurrek XX. mendean izan zuten hedapen zabala, 1960ko hamarkadan industrializazio berantiarrak lehenik eta Europako Nekazaritza Politika Bateratuak ondoren lehen sektoreko jardueren galera eragin zuten arte. Prozesu horretan nekazal lurrak gutxitu eta larreak hedatu ziren nabarmen. Denboran gertuago, hirigintzaren hazkundeak ere nekazal lurren gutxitzea eragin du azken hiru hamarkadetan, herrigune inguruetako lur lau eta goldagarria hirigintzara bideratuz. Eraldaketa horren aztarna esanguratsuagoa da Kantauri isurialdean, nekazaritzarako egokia izan daitekeen lurra urriagoa den eskualdeetan eragin baita artifizializazio-maila handiena 1990/2018 epealdian (ikus gaiari buruzko erreportajea).

Gure basoen bi heren ekosistemarekiko integritate txikikotzat jotzen da, kantauriar isurialdean batez ere

Baso-soiltzea ingurumen arazo garrantzitsua da munduan, baina basoen eraldaketa antropogenikoek ere egiten diote kalte ekosistemen osotasunari. Horregatik, Grantham, H.S., Duncan, A., Evans, T.D. eta beste autore batzuek, Google Earth Engine (GEE) baliatuz, Forest Landscape Integrity Index (Baso Pasaiaren Osotasun Indizea) sortu dute. 2019 urtea abiapuntu hartuta, tokian tokiko aldaketa antropogenikoak aintzat hartuz basoen integritatea edo osotasun-maila deskribatzen duen indizea da. Metodologia hau aldagai desberdinak bateratzearen emaitza ere bada: basoen hedadura, inpaktu handiko giza-jarduerak (azpiegiturak, nekazaritza eta baso-soiltzea), basoen konektibitate galera eta beste jarduera batzuen presioa, besteak beste.

Metodologia honek nazioarteko komunitate zientifikoaren onespen zabala lortu du, eta, hiru osotasun-maila bereiztuta, mundu osoko basoen egoeraren argazkia osatu du. Basoen sailkapena hiru kategoriatan egiten du: integritate txikia, ertaina eta handia. Nolanahi ere, eskala kontuak medio, Euskal Herrikoaren moduko azalera eta orografia bihurriko lurraldeetako xehetasunak baino lurralde eremu handiak neurtzera bideratutako metodologia da. Hala, Euskal Herrian ez du ekosistemarekiko osotasun-maila handiko basorik identifikatu, halakoak egon badauden arren. Izan ere, munduko beste eremu batzuekin alderatuta Euskal Herriko basoen hedadura txikia da eta antropizatutako guneak ez daude basoen muinetik hain urrun. Horrek basoen konektibitatean eragina du, gainera.

Emaitzen gaineko muga horiek aintzat hartuta ere, ikerketak utzitako emaitzen arabera, euskal basoen bi herenek (%66,6) ekosistemarekiko osotasun-maila apala dute (5.565 km2). Kopuru hori nabarmen handiagoa da kantauriar isurialdean (%82,5) mediterranearrean isurialdean baino (%55,1), baita azalera gordinari erreparatuta ere: isurialde kantauriarrean osotasun-maila gutxiko baso lurrek 3.246 km2-ko azalera hartzen dute. Mediterranear isurialdean baso horiek 2.576 km2-ko azalera dute.

Europako Batzordeak Nekazaritza Politika Bateratu berriaren (2021-2027) diseinuan bioaniztasuna eta paisaien berezkotasuna babesteko asmoa adierazi berri du. Nekazaritza, elikagaien segurtasuna bermatzeko ardura ezezik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko estrategian txertatzea du asmo. Garrantzitsua izango da, beraz, nekazal lurrak bermatzea. Modu berean, beharrezkoa izango da zuraren ekoizpena ekosistema eta bioaniztasunaren zaintzarekin uztartzea eta orekatzea. Tokiko ekoizpen gaitasunari garrantzi estrategikoa aitortzen hasi zaion garaian ulertu beharreko erronkak dira. Horregatik, urbanizatu gabeko lurrek eredu iraunkorretan oinarritutako kudeaketa behar dute, are gehiago Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean.

Etiketa orokorrak