Gaindegia Txostena 2008: Adituen Analisia- Aitziber Etxezarreta eta Irati Susperregi

Etxegintzaren sektorea eta etxebizitza-politika Euskal Herrian
Aitziber Etxezarreta
Irati Susperregi
Ekonomia Aplikatua I Saila, EHU /
Donostiako Enpresa Ikasketetako Unibertsitate Eskola
Entzun Irati Susperregiren hitzak
Jakina denez, Euskal Herriko etxegintzaren sektoreak izugarrizko eztanda bizi izan du azken urteotan. Aitzitik, Euskal Herriko eremu guztietan izugarri igo da eraikitako etxebizitza kopurua eta baita bere merkatuko salneurria ere (ohiz metro karratuko prezioetan neurtua). Hauexek, nolanahi ere, bertako zein hurbileko ezaugarri komunak badira ere, gainerako adierazleek ezin esan joera eta izaera beretsua izan dutenik Hegoaldeko zein Iparraldeko eremu guztietan.

Hots, Euskal Herriko etxegintzaren errealitatera hurbilduz, ezaugarri beretsu zein disparekoekin topatzen gara, eta batez ere, errealitatea azaltzeko modu desberdinekin, estatistika desberdinekin, alegia. Dena dela, bada estatistika guztietan islatzen den bilakaera hazkor eta bateratu baten irudi nagusi bat, hain zuzen ere, ondoko datu eta grafikoan argi islatzen den prezioaren eskalada nabarmena. Laburbilduz, etxebizitza libre berriaren prezioa ganoraz igo da hiru esparruetan aztertutako zazpi urteen joanean, portzentajeetan %74 eta %132 arteko igoerak izaki.

Eremuz-eremu, prezio igoera altuenak Hegoaldean kontzentratu dira: EAEn gehien (metro karratuko prezioa eurotan 1.569tik 3.646ra igoz), eta bere atzetik Nafarroa Garaian (925 eurotik 1698 eurora). Iparraldean, azkenik, etxebizitzaren prezio igoera nabaria izan da (1.654 eurotik 2.871 eurora), nahiz eta erlatiboki Hegoaldean baino portzentaje apalagoak azaldu.

Baina, bestetik, badira hasieran esan moduan horren parekoak ez diren bilakaerak ere Euskal Herriko eremu desberdinetan. Azken urteotan aplikaturiko politiken aztarnari helduz, esparru administratibo bakoitzaren soslai dinamikoa hurbil daiteke, eta honela, etorkizunean lehenaldiko desberdintasunak aregotu ala murriztu egingo al diren aurreikusi. Honi dagokionez, zera ondorioztatu da, etxebizitza berriaren eraikuntzaren izaerari erreparatuz, nolabaiteko bilakaera independentea garatu ei dela Euskal Herriko esparru bakoitzean.

Hau da, eremu guztietan handitu bada ere etxebizitzaren eraikuntza libre zein babestua, eremu bakoitzean bere bilakaera propioa izan du garapen honek, tokian tokiko politiken ondorio eta emaitza gisa. Izan ere, argitu beharra dago etxebizitza politiketan oso tradizio disparekoa duten bi Estatuz ari garela, eta horrexegatik, batean garatu denak (alokairu soziala Iparraldean) eta bestean garatu denak (Babes Ofizialeko Etxebizitzen politika Hegoaldean) erabateko ezaugarri eta ondorio desberdinak dituztela.

Espainiako Estatuan dauden bi eremu administratiboetan, Nafarroa Garaian eta EAEn, Ongizate Estatu berantiar eta eskasei loturiko (Esping-Andersen, 2000; Barlow and Duncan, 1994) etxebizitza politika mediterraniarrak aplikatu dira gehien-gehienik (Allen, J., J. Barlow, J. Leal, T. Maloutas, and L. Padovani, 2004; Etxezarreta, 2007): jabetzari erabat lotuak eta alokairuko parke publikorik apenas garatu gabe.

Frantziako Estatuan, berriz, Ongizate Estatua gehiago garatua izan da eta etxebizitza politika ipar-europarragoa aplikatu da (korporatibistagoa hain justu, Trilla, 2001; Priemus and Dieleman, 2002), etxebizitza sozialaren berezko esanahia garatuz, eta alokairuko etxebizitza parke publikoetan oinarrituz bertako etxebizitza politikaren muina. Hortaz, Iparraldea eta Hegoaldea oso urrun daude bata bestearengandik etxebizitza politikako tradizio eta kontuetan.

Honenbestez, kontzeptu desberdinetan oinarritu diren politikak era desberdinduan landu behar direnez, ikerlan honetan esku-hartutako etxebizitza edo etxebizitza publikoa diogunean, babespekoari gagozkio EAEn eta Nafarroa Garaian (gehiengehienik Babes Ofizialeko Etxebizitza jabetzan), eta alokairu sozialari Iparraldean (alokairukoa, eta Europako – mediterraniarra ezik - etxebizitza sozialari lotua).

Horrela, gure analisiaren emaitzetara itzuliz, dagozkigun hiru eremuak parekatze aldera etxebizitza publikoa pribatuaren portzentaje gisa definitu da (etxebizitza publiko berria, pribatu berriaren %gisa), nolabait ere honek eremu bakoitzean zenbateko “eskuhartze maila” definitzen lagunduko baitigu. Horixe da, hain zuzen ere, beheko irudian ilustratzen den ideiaren bilakaera.

Hona hemen analisi honetatik eratorritako ondorio nagusiak: batetik, aztertutako epealdian etxebizitza publikoaren pisua erlatiboki gehiago hazi da EAEn, non etxebizitza publikoa librearen eraikuntzaren ratio moduan hartuta, %80 inguruko mailatik abiatu eta %120 ingurura heltzen baita epealdi bukaeran, beheko irudian ilustratzen denez.

Nafarroa Garaian, bestetik, babestutako etxebizitzen eraikuntza, libreen halako %60 ingurutik abiatu eta beheranzko joera garbi baten ostean (2004an %10 ingururaino jeitsita) %40 inguruan kokatu da epealdia amaieran. Eta azkenik, Iparraldean, alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza berriak beherako nolabaiteko joera erakutsi du, hain zuzen ere, %40 ingurutik hasi eta %20 ingurura etorrita baitago aztertutako epealdiaren bukaeran.

Ondorioz, badirudi eskuhartze publiko horren maila indartsuagoa izan dela azken urteotan EAEn, Nafarroa Garaia eta Iparraldearekin alderatuz, hori da behintzat analisi honetatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat. Areago, EAEn maila erlatibo altuagotik abiatu eta joera gorakorra erakutsi du definituriko aldagaiak, eta Nafarroa Garaia zein Iparraldean, aldiz, behetik behera antzean joan da eskuhartze publikoaren ratioa, azken bi urteetan pixka bat goratu bada ere.

Bestetik, politika tradizionalen pisua berretsi egin da, izan ere, azken estatistiketan ere betiko egiturazko desberdintasunak berresten segitzen baita. Hau da, Hegoaldean apenas dauka indarrik oraindik ere alokairuko etxebizitza sozialaren politikak (eta horren isla da estatistiketan duen hutsunea), eta era berean, Iparraldeko estatistiketan ez da aurkitzen alokairuko etxebizitza soziala ez den beste etxebizitza publiko edo eskuharturik.

Laburbilduz, datu hauen argitan ezingo genuke baieztatu hiru eremuen arteko nolabaiteko konbergentzia prozesua martxan denik, baina ezta nolanahiko Iparralde-Hegoalde dikotomia hori indartzen ari denik ere, eremu bietan betiko politikak indar ahulagoz aplikatzen ikusi baititugu azken urteotan, hain zuzen ere, arazoaren gordina inoizko bizien zegoen urteetan. Aztertzen segitu beharko da, beraz, etorkizunean ere, etxegintzaren eta etxebizitza-politikaren gainean zer nolako joera eta bilakaerak eraikitzen diren Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetan, eta azken batean, prozesu bateragarriak ala desberdintzaileak al direnentz abian direnak.

Eremuz eremu

Iparraldeko etxegintza sektoreari erreparatuz, estatistikek, batetik, salmentako etxebizitza berrien eraikuntza etxe indibidual eta kolektiboen artean nola banatzen den azaltzen digute, eta bestetik, alokairu sozialeko etxeak zenbat diren. Bilakaerari erreparatuz, etxebizitza kolektiboaren ratioak gorantz egin du, era apalean bada ere, eta honela, lurralde antolaketari dagokionez bilakaera iraunkorragoago baten aldeko joera baieztatzen da (bai baitakigu antolamendu malguegi baten haritik ugaldu zen etxe indibidualen anabasa zein kaltegarria den garapen iraunkorraren ezein ikuspegitik).

Hala ere, Iparraldeko eremuari zehatzago atxikita, Baionako Merkataritza Ganberak emandako datuak hartuz egiaztatzen denez etxebizitza indibidualen kopurua %9,7 hazi zen Iparralden 1999-2005 epealdian, kolektiboak hazi ziren %23,5aren aldean. Bestalde, alokairu sozialak beheranzko joera izan du 2001 urtetik aurrera, bere ratioa 2006an 1999koaren azpitik kokatzeraino (%23 eta %28, hurrenez hurren).

Prezioari dagokionez, bai etxebizitza berrien eta baita alokairu sozialaren prezioek ere orohar gorantz egin dute. Hain justu, etxe indibidualak %70 igo dira eta kolektiboak %73. Aldiz, alokairu sozialaren prezioa %20 igo da. Arlo honetan ikusgarria da 2002 eta 2003 urteen artean prezioek jasan zuten gorakada, indibidualetan %40 eta kolektiboetan %45 igo baitzen etxebizitzaren prezioa biurteko epean.

Nafarroa Garaiko etxegintza sektoreko datuei dagokienez, estatistikei jarraiki salmentako etxebizitza berria babestuen eta libreen artean nola banatzen den azter daiteke. Hala, bilakaera aldakor baten ostean, etxebizitza babestuen portzentajeak beherantz egin duela ondoriozta daiteke, 1997an etxebizitza berrien %51a babestua baitzen, 2004an %11, eta 2006ean %31.

Etxebizitzen prezioei dagokienez, salmenta librekoen prezioa bikoiztu baino gehiago egin da 1997 eta 2006 urteen artean (798 eurotik 1.698 eurora igoz metro karratuaren prezioa) hazkunde progresibo baten ondorioz. Bestalde, Babes Ofizialeko Etxebizitzen metro karratuko gehienezko prezioak goranzko joera izan du ere, 2000 eta 2006 artean %70 igoz (785 euro eta 1.338 euro, hurrenez hurren).

EAEko etxegintza sektoreari dagokionez zenbait gauza aipagarri ondoriozta daitezke eremu honetako etxebizitza eskaintzari erreparatuz. Lehenengo eta behin, aztertutako hamar urteko bilakaeran, etxebizitza babestuaren ratioa nabarmen hazi dela esan beharra dago, hain zuzen ere, 1996an salmentan jarritako etxebizitza berrien %10a babestua izatetik 2006an %28 izatera heldu baita ia urtez urteko hazkuntza progresibo baten ostean. Aldiz, alokairuko etxebizitzak urte bakoitzean eskainitako etxe kopuruaren portzentaje txiki bat ziren epealdiaren hasieran (1996an %6 eta 1997an %10) eta hala segitzen zuten zenbait gora –beheraren ostean epealdi bukaeran ere (2006ean %9 eta 2006an %12).

Prezioari dagokionez, bestalde, etxebizitzaren prezioak hazi, hazi badira ere sektore babestuan zein sektore pribatuan, alor pribatuko igoera askoz handiagoa izan da. Zehatzago, aztertutako epealdian metro karratuaren prezioak %143ko igoera izan zuen etxe libreetan, 1.502 eurotik 3.646 eurora igotzean. Nolabaiteko babesa duten salmentako etxebizitzen kasuan berriz (babes ofizialekoak zein sozialak kontsideratuz), prezio-hazkundea %85ekoa izan da, metro karratuaren salneurria 696 eurotik 1.285 eurora pasa ahala.

Bibliografia
  • Allen, J., J. Barlow, J. Leal, T. Maloutas, and L. Padovani, (2004), Housing and Welfare in Southern Europe, London, Blackwell Publishing.

  • Barlow, J. and S. Duncan (1994), Success and failure in housing provision. European systems compared, Pergamon, Oxford.

  • Chambre de Commerce et d’Industrie Bayonne Pays Basque (2007-2008), Le Pays Basque en Chiffres / Ipar Aldeko Zenbakiak. Les chiffres-clés, www.bayonne.cci.fr - Departamento de Vivienda y Ordenación del Territorio (1999-2002 y 2003-2006), Planes de estadística, Gobierno de Navarra, www.navarra.es

  • Esping-Andersen, Gosta (2000) Fundamentos sociales de las economias postindustriales, Ariel, Barcelona.

  • Etxezarreta, Aitziber (2007), EAEko etxebizitza sistema eta politika Europako testuinguruan, Euskal Herriko Unibertsitatea, doktorego tesiak saila, Bilbo.

  • Etxebizitza eta Gizarteko Gaietako Saila (hainbat urte), Eskaintza inmobiliarioari buruzko inkesta, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.

  • Etxebizitza eta Gizarteko Gaietako Saila (2006), 2006-2009ko Etxebizitza bideratzeko plana, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.

  • Hoekstra, J. and Vakili Zad C. (2006), “High vacancy rates and high prices of housing: a Mediterranean paradox”, Paper presented at the ENHR conference, 2-5 july 2006, Ljubijana, Slovenia.

  • MEEDAT/SESP, EPLS, Ministère de l’Ècologie, de l’Ènergie, du Développement durable et de lÀménagement du territorie / Service économie statistiques et prospective (1999-2006) EPLS, L’enquête sur le parc locatif social, www.statistiques.equipement.gouv.fr

  • Ministerio de Vivienda. Estudios y Estadísticas. Gobierno de España. www.mviv.es

  • Pareja M., and I. San Martin, (2002), “The tenure imbalance in Spain: the need for social housing policy”, Urban Studies, Vol. 39, No. 2, 283-295.

  • Priemus, Hugo And Frans Dieleman (2002), “Social Housing Policy in the European Union: past, present and perspectives” in Urban Studies, Vol. 39, No. 2, pp.191-200.

  • Trilla, Carmen (2001), La política de vivienda en una perspectiva europea comparada, Colección Estudios Sociales No. 9, Fundación “La Caixa”, Barcelona, Spain.

Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.