![]() |
![]() |
Donostiako Enpresa Ikasketetako Unibertsitate Eskola |
|
Jakina denez, Euskal Herriko
etxegintzaren sektoreak izugarrizko
eztanda bizi izan du
azken urteotan. Aitzitik, Euskal
Herriko eremu guztietan izugarri
igo da eraikitako etxebizitza
kopurua eta baita bere merkatuko
salneurria ere (ohiz metro
karratuko prezioetan neurtua).
Hauexek, nolanahi ere, bertako
zein hurbileko ezaugarri komunak
badira ere, gainerako adierazleek ezin esan joera eta izaera
beretsua izan dutenik Hegoaldeko zein Iparraldeko eremu
guztietan.
Hots, Euskal Herriko etxegintzaren errealitatera hurbilduz,
ezaugarri beretsu zein disparekoekin topatzen gara, eta batez
ere, errealitatea azaltzeko modu desberdinekin, estatistika desberdinekin,
alegia. Dena dela, bada estatistika guztietan islatzen
den bilakaera hazkor eta bateratu baten irudi nagusi bat, hain zuzen
ere, ondoko datu eta grafikoan argi islatzen den prezioaren
eskalada nabarmena. Laburbilduz, etxebizitza libre berriaren prezioa
ganoraz igo da hiru esparruetan aztertutako zazpi urteen joanean,
portzentajeetan %74 eta %132 arteko igoerak izaki.
Eremuz-eremu, prezio igoera altuenak Hegoaldean kontzentratu
dira: EAEn gehien (metro karratuko prezioa eurotan
1.569tik 3.646ra igoz), eta bere atzetik Nafarroa Garaian (925
eurotik 1698 eurora). Iparraldean, azkenik, etxebizitzaren prezio
igoera nabaria izan da (1.654 eurotik 2.871 eurora), nahiz eta
erlatiboki Hegoaldean baino portzentaje apalagoak azaldu.
Baina, bestetik, badira hasieran
esan moduan horren parekoak
ez diren bilakaerak ere Euskal Herriko
eremu desberdinetan. Azken
urteotan aplikaturiko politiken aztarnari
helduz, esparru administratibo
bakoitzaren soslai dinamikoa
hurbil daiteke, eta honela, etorkizunean
lehenaldiko desberdintasunak
aregotu ala murriztu egingo al diren
aurreikusi. Honi dagokionez, zera ondorioztatu da, etxebizitza
berriaren eraikuntzaren izaerari erreparatuz, nolabaiteko bilakaera
independentea garatu ei dela Euskal Herriko esparru bakoitzean.
Hau da, eremu guztietan
handitu bada ere
etxebizitzaren eraikuntza
libre zein babestua,
eremu bakoitzean bere
bilakaera propioa izan
du garapen honek, tokian
tokiko politiken ondorio
eta emaitza gisa.
Izan ere, argitu beharra
dago etxebizitza politiketan
oso tradizio disparekoa
duten bi Estatuz
ari garela, eta horrexegatik, batean garatu denak (alokairu
soziala Iparraldean) eta bestean garatu denak (Babes Ofizialeko
Etxebizitzen politika Hegoaldean) erabateko ezaugarri eta
ondorio desberdinak dituztela.
Espainiako Estatuan dauden bi eremu administratiboetan,
Nafarroa Garaian eta EAEn, Ongizate Estatu berantiar eta eskasei
loturiko (Esping-Andersen, 2000; Barlow and Duncan, 1994)
etxebizitza politika mediterraniarrak aplikatu dira gehien-gehienik
(Allen, J., J. Barlow, J. Leal, T. Maloutas, and L. Padovani,
2004; Etxezarreta, 2007): jabetzari erabat lotuak eta alokairuko
parke publikorik apenas garatu gabe.
Frantziako Estatuan, berriz, Ongizate Estatua gehiago garatua
izan da eta etxebizitza politika ipar-europarragoa aplikatu
da (korporatibistagoa hain justu, Trilla, 2001; Priemus and Dieleman, 2002), etxebizitza sozialaren berezko esanahia garatuz,
eta alokairuko etxebizitza parke publikoetan oinarrituz
bertako etxebizitza politikaren muina. Hortaz, Iparraldea eta
Hegoaldea oso urrun daude bata bestearengandik etxebizitza
politikako tradizio eta kontuetan.
Honenbestez, kontzeptu desberdinetan oinarritu diren politikak
era desberdinduan landu behar direnez, ikerlan honetan
esku-hartutako etxebizitza edo etxebizitza publikoa diogunean,
babespekoari gagozkio EAEn eta Nafarroa Garaian (gehiengehienik
Babes Ofizialeko Etxebizitza jabetzan), eta alokairu
sozialari Iparraldean (alokairukoa, eta Europako – mediterraniarra
ezik - etxebizitza sozialari lotua).
Horrela, gure analisiaren emaitzetara itzuliz, dagozkigun
hiru eremuak parekatze aldera etxebizitza publikoa pribatuaren
portzentaje gisa definitu da (etxebizitza publiko berria, pribatu
berriaren %gisa), nolabait ere honek eremu bakoitzean zenbateko
“eskuhartze maila” definitzen lagunduko baitigu. Horixe
da, hain zuzen ere, beheko irudian ilustratzen den ideiaren
bilakaera.
Hona hemen analisi honetatik eratorritako ondorio nagusiak:
batetik, aztertutako epealdian etxebizitza publikoaren pisua
erlatiboki gehiago hazi da EAEn, non etxebizitza publikoa librearen
eraikuntzaren ratio moduan hartuta, %80 inguruko mailatik
abiatu eta %120 ingurura heltzen baita epealdi bukaeran,
beheko irudian ilustratzen denez.
Nafarroa Garaian, bestetik, babestutako etxebizitzen eraikuntza,
libreen halako %60 ingurutik abiatu eta beheranzko joera
garbi baten ostean (2004an %10 ingururaino jeitsita) %40 inguruan
kokatu da epealdia amaieran. Eta azkenik, Iparraldean, alokairu
sozialeko etxebizitzen eskaintza berriak beherako nolabaiteko
joera erakutsi du, hain zuzen ere, %40 ingurutik hasi eta %20
ingurura etorrita baitago aztertutako epealdiaren bukaeran.
Ondorioz, badirudi eskuhartze publiko horren maila indartsuagoa
izan dela azken urteotan EAEn, Nafarroa Garaia eta Iparraldearekin
alderatuz, hori da behintzat analisi honetatik atera
daitekeen ondorio nagusietako bat. Areago, EAEn maila erlatibo
altuagotik abiatu eta joera gorakorra erakutsi du definituriko
aldagaiak, eta Nafarroa Garaia zein Iparraldean, aldiz,
behetik behera antzean joan da eskuhartze publikoaren ratioa,
azken bi urteetan pixka bat goratu bada ere.
Bestetik, politika tradizionalen pisua berretsi egin da, izan
ere, azken estatistiketan ere betiko egiturazko desberdintasunak
berresten segitzen baita. Hau da, Hegoaldean apenas dauka
indarrik oraindik ere alokairuko etxebizitza sozialaren politikak
(eta horren isla da estatistiketan duen hutsunea), eta era
berean, Iparraldeko estatistiketan ez da aurkitzen alokairuko
etxebizitza soziala ez den beste etxebizitza publiko edo eskuharturik.
Laburbilduz, datu hauen argitan ezingo genuke baieztatu
hiru eremuen arteko nolabaiteko konbergentzia prozesua martxan
denik, baina ezta nolanahiko Iparralde-Hegoalde dikotomia
hori indartzen ari denik ere, eremu bietan betiko politikak
indar ahulagoz aplikatzen ikusi baititugu azken urteotan, hain
zuzen ere, arazoaren gordina inoizko bizien zegoen urteetan.
Aztertzen segitu beharko da, beraz, etorkizunean ere, etxegintzaren
eta etxebizitza-politikaren gainean zer nolako joera eta
bilakaerak eraikitzen diren Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetan, eta azken batean, prozesu bateragarriak ala
desberdintzaileak al direnentz abian direnak.
Iparraldeko etxegintza sektoreari erreparatuz, estatistikek, batetik, salmentako etxebizitza berrien eraikuntza etxe indibidual eta kolektiboen artean nola banatzen den azaltzen digute, eta bestetik, alokairu sozialeko etxeak zenbat diren. Bilakaerari erreparatuz, etxebizitza kolektiboaren ratioak gorantz egin du, era apalean bada ere, eta honela, lurralde antolaketari dagokionez bilakaera iraunkorragoago baten aldeko joera baieztatzen da (bai baitakigu antolamendu malguegi baten haritik ugaldu zen etxe indibidualen anabasa zein kaltegarria den garapen iraunkorraren ezein ikuspegitik).
Hala ere, Iparraldeko eremuari zehatzago atxikita, Baionako
Merkataritza Ganberak emandako datuak hartuz egiaztatzen
denez etxebizitza indibidualen kopurua %9,7 hazi zen Iparralden
1999-2005 epealdian, kolektiboak hazi ziren %23,5aren aldean.
Bestalde, alokairu sozialak beheranzko joera izan du 2001
urtetik aurrera, bere ratioa 2006an 1999koaren azpitik kokatzeraino
(%23 eta %28, hurrenez hurren).
Prezioari dagokionez, bai etxebizitza berrien eta baita alokairu
sozialaren prezioek ere orohar gorantz egin dute. Hain justu,
etxe indibidualak %70 igo dira eta kolektiboak %73. Aldiz,
alokairu sozialaren prezioa %20 igo da. Arlo honetan ikusgarria
da 2002 eta 2003 urteen artean prezioek jasan zuten gorakada,
indibidualetan %40 eta kolektiboetan %45 igo baitzen etxebizitzaren
prezioa biurteko epean.
Nafarroa Garaiko etxegintza sektoreko datuei dagokienez,
estatistikei jarraiki salmentako etxebizitza berria babestuen eta
libreen artean nola banatzen den azter daiteke. Hala, bilakaera
aldakor baten ostean, etxebizitza babestuen portzentajeak
beherantz egin duela ondoriozta daiteke, 1997an etxebizitza
berrien %51a babestua baitzen, 2004an %11, eta 2006ean %31.
Etxebizitzen prezioei dagokienez, salmenta librekoen prezioa
bikoiztu baino gehiago egin da 1997 eta 2006 urteen artean
(798 eurotik 1.698 eurora igoz metro karratuaren prezioa)
hazkunde progresibo baten ondorioz. Bestalde, Babes Ofizialeko
Etxebizitzen metro karratuko gehienezko prezioak goranzko
joera izan du ere, 2000 eta 2006 artean %70 igoz (785 euro eta
1.338 euro, hurrenez hurren).
EAEko etxegintza sektoreari dagokionez zenbait gauza aipagarri
ondoriozta daitezke eremu honetako etxebizitza eskaintzari
erreparatuz. Lehenengo eta behin, aztertutako hamar urteko
bilakaeran, etxebizitza babestuaren ratioa nabarmen hazi dela
esan beharra dago, hain zuzen ere, 1996an salmentan jarritako
etxebizitza berrien %10a babestua izatetik 2006an %28 izatera heldu
baita ia urtez urteko hazkuntza progresibo baten ostean. Aldiz,
alokairuko etxebizitzak urte bakoitzean eskainitako etxe kopuruaren
portzentaje txiki bat ziren epealdiaren hasieran (1996an
%6 eta 1997an %10) eta hala segitzen zuten zenbait gora –beheraren
ostean epealdi bukaeran ere (2006ean %9 eta 2006an %12).
Prezioari dagokionez, bestalde, etxebizitzaren prezioak
hazi, hazi badira ere sektore babestuan zein sektore pribatuan,
alor pribatuko igoera askoz handiagoa izan da. Zehatzago, aztertutako
epealdian metro karratuaren prezioak %143ko igoera
izan zuen etxe libreetan, 1.502 eurotik 3.646 eurora igotzean.
Nolabaiteko babesa duten salmentako etxebizitzen kasuan berriz
(babes ofizialekoak zein sozialak kontsideratuz), prezio-hazkundea
%85ekoa izan da, metro karratuaren salneurria 696 eurotik
1.285 eurora pasa ahala.
|
Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.
|