Gaindegia Txostena 2009: Mugaz gaindi aritzeko ezinbesteko gida

Mugaz gaindi aritzeko ezinbesteko gida
Bidasoa-Txingudiko hiritar, profesional eta enpresei aukera paregabea eskaintzen die pertsona eta kapitalen zirkulazio askeak, mugaren alde bateko zein besteko gizartearen eta ekonomiaren ateak baitituzte zabalik. Baina Bidasoa ibaiaren alde bietako sistema juridikoak ezberdinak izanik, zailtasunak ere ez dira makalak. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak argitaratutako gida honek traba horiei aurre egiten laguntzeko helburua du, zailtasun horiek dituzten biztanleentzat laguntza tresna bat izatea.

Sistema juridiko ezberdinen informazio eta oinarriak jasotzen ditu horretarako, baina oso modu praktikoan antolatuta: mugaz gaindiko esparruan planteatu daitezkeen egoera ezberdinak planteatzen ditu, bakoitza galdera baten bidez, eta galdera horiei erantzun zehatzak ematen dizkie, beti ere erantzun integrala ematen saiatuz. Gida edo eskuliburu gisako argitalpena da, informazio praktiko hutsa biltzen duena.
239 galdera zehatz planteatzen ditu eskuliburuak, eta bakoitzari dagokion erantzuna ematen dio. Galdera guztiak zazpi ataletan daude banatuta, egoera ezberdinen arabera. Hala, aurreneko kapituluak, Europako hiritar izanik, Gipuzkoan lan egin eta bizi denaren egoera planteatzen du, eta egoera horretan sortu daitezken galdera zehatzak jasotzen ditu; bigarrenak, Europako hiritar izanik, Frantziako estatuan lan egin eta bizi denaren egoera, dagozkion galderekin; hirugarrenak, Europako hiritarra izanik, Frantziako estatuan bizi eta Gipuzkoan lan egiten duenaren egoera, dagozkion galderekin; laugarrenak, Europako hiritarra izanik, Gipuzkoan bizi eta Frantziako estatuan lan egiten duenaren egoera, dagozkion galderekin; bosgarrenak, egoitza Frantziako estatuan izanik, jarduera ekonomikoa Gipuzkoan garatzen duten enpresak, eta egoitza Gipuzkoan izanik, jarduera ekonomikoa Frantziako estatuan Garatzen duten enpresak, dagozkion galderekin; seigarrenak Gipuzkoan nahiz Frantziako estatuan bizi eta mugaz bi aldeetan lan egin, dagozkion galderekin; eta azkenak, erretiropentsioa duten jubilatuak eta baliaezintasuneko edo bizirauteko pentsioa duten pentsiodunak aztertzen ditu, dagozkion galderekin.

Erantzun horietan egun mugaz gaindi bizi diren hiritar, enpresa, eta profesionalen egoerak aztertzen dira, indarrean dauden araudietan aurreikusten diren forma juridikoak alderatu, eta argitalpenaren amaieran, arautegiak, formularioak eta helbide interesgarriak ere jasotzen dira.

Alor horiek aztertuta zenbait egoera islatzen ditu, eta honako alderdi hauek jorratu, besteak beste: forma juridikoak, enpresak sortzeko nahitaezko tramiteak, elkartearen estatutuak, bazkideen erantzukizuna, kapitala eta ezarpenak aintzat hartuz. Tokian tokiko zergak, errentak, elkarteak eta jarduera ekonomikoak ere jasotzen ditu, eta aitorpena aurkezteko betebeharra, erregimen bereziak, izaera eta aplikazio esparrua, eta zerga eskala aztertzen ditu. Horiez gain, lan kontratuak ere aztertzen ditu, besteak beste, kostu, gizarte segurantza, pentsioak, eta osasun laguntza aztertuz, eta sakon jasotzen ditu osasun eta hezkuntza esparruko zenbait alor.

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek garatu dute gida, Bidasoa- Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren baitan. Eusko Jaurlaritza, Region Aquitane, Loborare Cosein, Bidasoa Activa eta Baionako Merkataritza eta Industria ganberaren babesa du.