Gaindegia Txostena 2009: Adituen analisia-- Eguzki Urteaga

Ikerketaren eta Garapenaren egoera Iparraldean
Eguzki Urteaga

Iparraldeko ikerketaren eta garapenaren egoera ulertzeko, ezinbestekoa da Frantziako Estatuaren errealitatea azaltzea; batetik, estatistika-datu gehienak estatu osokoak direlako eta, bestetik, Frantziako estatua zentralizatua denez, legeak, politikak eta egiturak Parisen erabakitzen direlako.
Eguzki Urteaga
EHUko Irakaslea
eguzki.urteaga@ehu.es

Ikerketa eta garapena Frantziako Estatuan

Nahiz eta ikerketan eta garapenean inbertitzen den diru-kopurua EAErekin alderatuta nahiko handia izan, beherantz doa. Izan ere, 1980ko hamarkadan ikerketan inbertitutako diruak gorantz egin zuen, BPGren %2,4ra hurbilduz, baina 1993az geroztik beherantz egin zuen. 2006an, BPGren %2,1 zen, ELGEko batez bestekoa baino zerbait apalagoa (%2,26), eta herrialdeen seigarren tokian kokatuta, Suedia, Finlandia, Japonia, Estatu Batuak eta Alemaniaren atzetik. Horrez gain, Frantziako enpresa pribatuek gutxi inbertitzen dute I+G+b-n. ELGEko datuen arabera, ikerkuntzan gastatzen den diruaren %63 sektore pribatutik dator eta bereziki teknologia industrialetan biltzen da: automozioan, aeronautikan, farmazian, elektronikan, medikuntza tresnerian eta materialen arloetan. ELGEko bataz bestekoa %69koa da; Japoniak, Estatu Batuek eta Alemaniak, berriz, bataz besteko hori gainditzen dute: %70etik %77ra bitartean inbertitzen dute1 .

Gainbehera hori are eta sakonagoa da 2002az geroztik, Raffarin eta batez ere De Villepin eta Fillon lehen ministroek hainbat neurri hartu baitzituzten: ikerlarien eta unibertsitateko irakasleen kontratazioen murrizketa, CNRS ikerketa gune nazionalaren berrantolaketa (sei institututan banatuz, bi jadanik existitzen direla jakinik), unibertsitatearen autonomia bultzatzen duen lege berria2 , ikerketarako baliabideak banatzeaz arduratzen den Agentzia bat sortzea eta Sauvons la recherche mugimenduaren salaketak. Aldaketa horien irakurketa beltza egin da, alegia, estatuaren eta oro har botere publikoen esku-hartzea murrizten doala eta zientzia zein teknologia finantzatzearen eginkizuna sektore pribatuaren eskuetan utzi nahi dela3.

Egoera horrek hainbat mobilizazio eragin ditu. 2007ko urrian, Unibertsitateen Askatasuna eta Ardura izeneko Legeak (UAA) unibertsitate frankoren blokeoa eragin zuen, ikasleak zein irakasleak egitasmo horren aurka altxatu baitziren. 2008ko martxoan, CNRSko ikerlariak “ikerketa-zentro handiak desegitea” arbuiatzeko antolatu ziren. Berrikitan, Ikerketarako Agentzia Nazionalaren (IAN) egoitza okupatu dute ikerketa-enpleguen ezegonkortasuna salatzeko, eta 2008. urte osoan zehar protestak egon dira AERESek martxan jarritako ebaluazioen aurka. Azkenik, 2008ko abenduan, ikerlari-irakasleen estatusa aldatzen duen dekretu batek ikerlarien eta unibertsitate irakasleen greba mugimendu sakona eragin du, eta ikerketa ministroak egitasmoa bertan behera utzi behar izan du. Mobilizazio horien arrazoiak anitzak dira, besteak beste, ministerioak hitzemandako diru laguntzak ez direla heldu. Izan ere, 2008ko lege zuzentzaile batek Ikerkuntzarako eta Goi Mailako Irakaskuntzarako ministerioaren aurrekontua %2,2 jaitsi duenez (500 milioi euroko galera), laborategien aurrekontua gutxitu eta lanpostu berrien sorrera galarazi da. 2009an, galera 800 milioi eurokoa izan daiteke.

Izan ere, Gobernuak ikerketa “desfuntzionarizatu” nahi du. IANek diru laguntzak egitasmoen arabera banatzen dituenez, kontratu unibertsitarioek, sektore pribatuaren parte-hartzeak eta CNRS baliabide agentzia bilakatzearen mehatxuak kezka piztu dute ikerlarien baitan. Kulturaren alorrean, sektore pribatutik datozen kudeaketa metodoak gaizki ikusiak dira, komunitate hori berdintasunari, interes orokorrari eta banakako merezimendu baloreei atxikia baitago. Politikaren alorrean, zientzia komunitatea bere independentziaren afirmazioaren gainean eraiki da, bai ezagutzari, bai metodoei dagokienez. Alde horretatik, zuzendaritza eta zaintza tresnek, baita autonomia zein liberalismoa goraipatzen duten diskurtsoek ere, topo egiten dute tradizio horrekin. Kezka are eta larriagoa da jakitean Lisboako estrategiak eta eskaera sozialari garrantzia ematen dion diskurtsoak bidea ireki diotela estrategia horri4 .

Dena den, hainbat txostenek kolokan jarri dute Frantziako estatuko ikerketa sistemaren eraginkortasuna. 2007ko urtarrilean, finantza ikuskaritza orokorreko txosten batek balorazio negatiboa egin zuen: berrikuntza teknologikoaren ahulezia, sektore publikoaren produktibitate ekonomiko urria, ikerkuntza industrialaren azpigarapena –horren lekuko Frantziako estatuan egindako patenteen beherakada da: mundu osoko masaren %5,5 2006ean; 1988an, berriz, %8,3 zen–. Baina, batez ere, Estatuaren gastua eta estatus publikoa daukaten ikerlarien kopurua (162. 000, 364.000 ikerlarietatik) kontutan izanik, txostenak gastu ez justifikatuak, kudeaketa txarra, antolaketa ezegokia eta emaitzen ebaluazio eskasa azpimarratzen ditu. Halaber, gogoratzen du ikerketa pribatua sustatzea komeni dela, eta aldaketa sakonak gomendatzen ditu: egitasmoen zuzendaritza, unibertsitateak bateratzea eta autonomia garatzea, finantziazio sistemaren sinplifikazioa, ikerlariak emaitzetara hurbiltzea eta doktoregaiei laguntzea.

Baina, ikerketa zientifikoa ez da soilik aplikazio teknologikoen arabera balioesten. Ezagutzen ekoizleen eta distira intelektualaren arabera ere ebaluatzen da. Maila horretan, Frantziako estatuko ikerketa ez dago bere unerik hoberenean. Zientzia eta teknika behatokiaren arabera (2008), mundu osoko argitalpenetan, Frantziako estatuari dagokion zatiak beherantz egin du 1999az geroztik, eta atzerriko aldizkarietako aipamenen kopurua ez da hobea. Oro har, bere eragina munduko bataz bestekoa baino ahulagoa da. Atzerritik datozen ikasleen kopuruak gora egin du, baina Ingalaterran eta Alemanian baino maila apalagoan dago. Nobel saria eta beste sari batzuei dagokienez, tamaina bereko Europako herrialdeen atzean dago, Estatu Batuak aipatu gabe. Nahiz eta hainbeste datu ez eduki, Iparraldeko biztanleriak antzeko sentsazioa dauka.

Iparraldearen berezitasunak

Testuinguru horrek eragin zuzena dauka Iparraldean egiten den ikerketaren eta garapenaren gainean, eta bost ezaugarri aipa daitezke.

Lehenik, lurralde horrek onarpen politiko-administratiborik ez daukanez, 1997ko Voynet legeak aurreikusten duen herri gisa izan ezik, ez dauka berezko erakunderik, ez Eskualde Kontseilurik, ez Kontseilu Orokorrik. Horri gehitzen bazaio zientzia-politika Estatuaren eskumena dela eta garapen ekonomikoa eskualdeen esku dagoela, ezinezkoa zaio Iparraldeko berezko politika zientifikorik sortzea eta ondoren gauzatzea. Herri izendatu dutenez, alegia, lurralde egitasmoa, Estatua, eskualdeak, departamentuak eta udalak elkarrekin batu daitezke, politika sektorial batzuk aurrera eramateko. Hori bera gertatu da (2001-2006) Euskal Herriko Hitzarmen Bereziarekin5 , baita Euskal Herria 2020 planarekin ere.

Bigarrenik, Iparraldeak ez dauka berezko unibertsitaterik. Gaur egun, Paue eta Aturriko Herrietako Unibertsitateak (PAHU) eranskin bat dauka Angeluko eta batez ere Baionako kanpusetan6 . Bertan, zuzenbideko, ekonomiako, euskal filologiako eta letra modernoetako lizentziaturak eskaintzen dira, bai eta nazioarteko eta Europako zuzenbideei buruzko masterrak ere; komertzializazio nahiz enpresa eta administrazio kudeaketako UDTak ahaztu gabe (unibertsitateko diploma teknikoa). Azken urteetan, Angeluko Montaury-n dagoen polo zientifikoak garapen nabarmena ezagutu du, eta biologiako, informatikako eta fisika-kimikako lizentziak, industria eta informatika UDTak, baita lizentzia masterrak eta master profesionalak eskaintzen ditu, besteak beste, eraikuntzan, ingurumenean eta sistema informatikoetan. Unibertsitateari, ingeniaritza eskolak gehitzen zaizkio; adibidez, ESTIA eta ISA BTP. Eskaintza ugaritzen joan den arren, urria izaten jarraitzen du7 , 37 titulazio besterik ez baitaude. Horrez gain, lehen eta bigarren zikloak lantzen dituzte, eta hirugarren zikloa alde batera utzi. Hori dela eta, urtero 8.000 ikasle inguruk Iparraldetik kanpo joan behar dute goi-mailako ikasketak egiteko.

Hirugarrenik, lurralde horretan dauden ikerketa guneen kopurua murritza da. PAHUri loturiko zentroez gain (IKER eta CDRE, adibidez), CNRSri eta INRAri elkartutako laborategiak daude (Ecobiop, esaterako). Izan ere, ikergune eta, beraz, ikerlari, aurrekontu eta argitalpen gehienak Pauen kontzentratzen dira. Horrela, PAHU osoan, 500 ikerlari daude, 26 laborategitan banatuak, horietariko 9 CNRSri lotuak. Guztira, 335 doktoregai daude eta 70 tesi irakurtzen dira urtero. Ikerlariek 400 argitalpen baino gehiago plazaratzen dituzte, eta 13 patente aurkeztu dituzte8 , 12 milioi euroko aurrekontua dutela, soldatak kontuan izan gabe. Arazoa da horietako zati txiki bat besterik ez dela Iparraldean kokatzen9 .

Laugarrenik, lurralde horretan kokatuta dauden enpresak neurri ertain eta, batez ere, txikikoak izanik, eta ekoizpenean edo aplikazioan bereizten direnez, ikerketa eta garapen gutxi egiten dute, ez dutelako beharra sentitzen, ez dutelako nahiko dirurik, ez daukatelako prestatutako langilerik edota ez dutelako botere publikoen aldetik beharko luketen laguntzarik jasotzen. Horren ondorioz, ez dira oso berritzaileak, eta zailtasunak dauzkate hazteko eta, beraz, ikerlari hoberenak erakartzeko10.

Bosgarrenik, Iparraldeak baliabideak dauzka ikerguneak eta ikerlariak erakartzeko. Izan ere, lurrez eta airez gainerako eskualde eta herriekin ongi komunikatuta dago, bizi-kalitatea eskaintzen du, instituzio publikoak (eskualdeak, departamentuak, hirielkargoak eta udalak) eta Baionako Merkatal eta Industria Ganbara gisako erakunde parapublikoek borontatea ageri dute, adostutako eta finantzatutako lurralde egitasmo bat dauka, eta biztanleria potentzialaren ikasketa maila altua da, batik bat atzerrira joan direnak itzultzen badira.

Beraz, Iparraldeko ikerketak eta garapenak baliabideak eta aukerak badauzka, baina giza kapitalarekin (zientzian eta teknologian aplikatutako giza baliabideak 10.000 biztanleko 249,65 dira; Parisko eskualdean, berriz, 2.893,88 dira), inbertsioarekin (I+Gko gastua %1,2 da; Frantziako estatu osoan, berriz, %2,24, hau da, bataz bestekoaren erdia) eta egiturarekin loturiko arazoei aurre egin behar die, batik bat geroa bermatzeko.


1.- JOURNET, N.: «La réforme de la recherche», in Sciences Humaines, 203, apirila (2009), 26. or.

2.- 2007ko abuztuan onartutako “Unibertsitateen Askatasun eta Ardura” legeak unibertsitateen aurrekontu autonomia ezartzen du, baita haien barne funtzionamendua aldatu ere: errektoreek botere handiagoak dituzte, administrazio kontseilua kanpoko eragileei irekitzen zaie, fundazioak baimentzen ditu eta, oro har, ikasketa baldintzen eta irakaskuntza zein ikerketa karreren kudeaketen arteko berdintasuna hausten du. Horren truke, Estatuak unibertsitateei eskaintzen dien aurrekontuak gora egiten du: +%50 bost urtean, hau da, 10.000-15.000 milioi € gehiago, zeren unibertsitateak Estatuari lotuta dauden “zentro mailako kontratuen” mende izaten jarraitzen du.

3.- Eraldaketa horiek, 2000. hamarkadan hartutako norabide orokorrean kokatzen dira. Horrela, finantza legeei buruzko lege organikoaren, alegia, 2001ean bozkatutako finantza legearen asmoa gastu publiko guztiak emaitzen lorpenei baldintzatzea da. 2004an adierazitako eta 2006an legean islatutako ikerkuntzarako akordioaren oinarrietariko bat da. Ikerkuntzaren aurrekontuaren gorakada sektore publikoaren zuzendaritza bermatzeko tresna berrien sorkuntzari lotua dago. 2006ko legeak lankidetzaarauak erreformatzen ditu eta unibertsitateen gainean eragina dauka. Erakunde berriak sortu dira. Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoaren Goi Kontseiluak ikerketaren norabide orokorrak finkatzen ditu, nahiz eta bere eginkizuna aholkularitza mailakoa izan. Erakundeen alboan dagoen Ikerketarako Agentzia Nazionalak kredituak jaso eta banatzen ditu epe motzeko ikerketa egitasmoak finantzatzeko, horietako batzuk goi-mailan erabakitzen dira eta besteak ikerlarien proposamenei lotuak daude. Ikerketa kreditoak hasieran mugatuak ziren (358 milloi € 2007an), baina berehala hasi ziren handitzen: 955 milioi €-koak izan dira 2008an eta 1.600 milioi €-koak 2009an. Ikerketaren eta goi-mailako irakaskuntzaren ebaluazio agentziak zentroen, tituluen, aldizkarien, taldeen eta ikerlarien kalifikazioak biltzen ditu, beste erakundeez gain (CNU, CNE, CNRS). Agentziaren ebaluazioak peritaje gisa ageri dira. Emaitzen arabera, autoritateek kreditoak, karrera profesionalak eta egitarauak modulatu ditzakete. Erakunde horrek neurriak hartu ditzake unibertsitateak sektore publikotik zein pribatutik datozen eragileekin lankidetzan aritzeko, baliabideak batzeko eta zerga murrizketak onartzeko enpresen kasuan.

4.- JOURNET, N.: «La réforme de la recherche», in Sciences Humaines, 203 (2009), 29. or.

5.- AHEDO, I., URTEAGA, E.: La nouvelle gouvernance en Pays Basque, L’Harmattan, Paris, 2004.

6.- EDUCATION NATIONALE: L’enseignement supérieur et la recherche.

Bayonne, Académie de Bordeaux et du Pays Basque (2007). 7.- CONSEIL DE DELOPPEMENT DU PAYS BASQUE: Synthèse de la contribution de l’atelier Enseignement supérieur-Recherche. Baiona, 2006ko ekaina.

8.- Aitzitik, egindako patente-eskaerak 10.000 biztanleko, 2005eko datuei erreparatuz, bataz beste 2,44 da, eta Euskal Herri osokoa, berriz, 0,65.

9.- URTEAGA, E. : “Zientzia eta teknologiari buruzko gizarte irudikapenak Iparraldean », Argitaratzear, GGOA, EHU, 2009.

10.- EIZAGIRRE, A., URTEAGA, E.: Zientzia eta teknologiaren gizarte iritziak eta irudikapenak Euskal Herrian, Cuadernos Sociológicos vascos, 26, 2009.