Skip to main content

Euskal Herria karbono neutraltasunetik urrun

Erregai fosilekiko menpekotasuna handia da oraindik Euskal Herrian. Azken datuen arabera, Berotegi Efektuko Gas (BEG) isurpenak murrizteko estrategia desberdinak indarrean diren arren, urtebetean biztanleko 8,3 tona BEG isuri ziren atmosferara. Alemania edo Belgikaren pareko emisioak dira horiek, munduko per capita isurpenen bikoitza.

Berotze globalaren eragile nagusia karbono dioxidoak (CO2) eta bestelako Berotegi Efektuko Gasek (BEG) atmosferan duten gehiegizko presentzia da. Erregai fosilak erretzean materia solido horietan dagoen karbonoa atmosferara isurtzen da, eta honek, eguzkiaren erradiazioa harrapatzean lurrazala berotzen du. Erregai fosilen erabilerak, hortaz, erlazio zuzena du BEG isurketekin. Horren jakitun, hamaika dira erregai fosilen erabilera murrizteko ekimenak mundu mailan.

Hala eta guztiz ere, erregai fosilekiko menpekotasuna nabarmena da oraindik hainbat esparrutan. 2019an mundu mailako BEG emisioek aurreko urteko maximo historikoa gainditu zuten hirugarren urtez jarraian, Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (NBIP) azken txostenak jasotzen duenaren arabera.

Euskal Herriari dagokionez, 2018an 25.880 kilotona CO2 isuri ziren atmosferara zuzeneko isurpenetan; 8,3 tona biztanleko. Lurraldeka, biztanleko isurtze kopuru handiena Nafarroa Garaian gertatzen da. Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak kopuru desberdinak ematen dituzte: 9,6 eta 8,8 tona urtean biztanle bakoitzeko, hurrenez hurren. Alde hori txikiagoa da Euskal A.E.ko kasuan. Eusko Jaurlaritzaren arabera emisioak 7,6 tonakoak izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren esanetan kopuru hori 8,0 tonakoa izan zen. Bat ala beste, Ipar Euskal Herriko isurpen-maila da hiruetan txikiena: 7,3 tona hain zuzen ere. Azken hori 2019ko datua da.

Elektrizitatearekin zerikusia daukaten igorpenen daturik ez dago Euskal Herri osorako, baina horiek kontuan hartuta, isurpenak orotara 29.500 kilotonen bueltakoak izango lirateke.

Karbono neutraltasuna 2050 urterako helmuga

2015 urtean, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren baitan (UNFCCC), Parisko Hitzarmen bezala ezagun dena onartu zen. Besteak beste, hitzarmenaren bidez lurraren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzean ezarri zuten sinatzaileek planetaren oreka mantendu ahal izateko marra gorria. Europako Parlamentuak 2050 urterako karbonoaren neutraltasuna lortzeko helburua ezartzeko ebazpena onartu zuen 2019ko azaroaren 28an, Parisko Hitzarmenak markatutako bidetik. Bitarteko helburu gisa, 2030erako aipatu emisioak %55era murrizteko helburua ezarri zuen. Horrekin batera Europako Batzordeak Europako larrialdi klimatikoaren egoera aitortu zuen egun berean. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa ere bide beretik ari dira BEG isurpenak murrizteko programa propioak garatzen.

Ez dago BEG isurpenen bilakaera daturik Ipar Euskal Herrirako. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, aldiz, 2005 urtean jo zuten goia emisioek. Urte horretan, biztanleko 12,2 tona isuri ziren atmosferara. 2005-2014 epealdian isurpenen kopurua nabarmen jaitsi zen. Azken urteotan, aldiz, isurpenen jaitsiera eten egin da. Ikusteke daude 2019 eta 2020 urteetako datu orokorrak, osasun larrialdiaren testuinguruan ezarritako mugikortasun mugek erregai fosilen kontsumoa murriztu egin dute.

Erregai fosilekiko menpekotasun handia duen sektoreetako bat da garraioarena. 2018ko datuen arabera BEG isurpenen %31k garraioa izan zuen iturburu. Osasun larrialdia iritsi arte behintzat garraio sektorearen BEG isurpenak etengabe izan dira gorabidean eta emisioak murriztu ez dituen sektore bakarra izan da. Kontrara, industria sektorean, lehen sektorean edota sektore energetikoan nabarmena izan da emisioen gainbehera.

Euskal Herriak munduko per capita isurpenak bikoizten ditu

Euskal Herria mundu mailako biztanleko BEG isurpenen rankingean 26. postuan kokatzen da (urtean 8,3 tona/biztanleko), Belgika (8,0) eta Alemania (8,4) artean. Ranking horren buru dira Qatar (31,3), Kuwait (21,2), Arabiar Emirerri Batuak (20), Australia (15,2), Kanada (15,3), AEB (14,5) edota Saudi Arabia (14,6). Aldiz, asko dira isurpen kopuru oso txikiak dituzten herrialdeak, batik bat Afrikan (1,0). Izan ere, errenta-mailak eragin nabarmena du munduko BEG isurpenetan: errenta maila handiko herrialdeen bataz besteko biztanleko isurpenak (10,4) errenta-maila txikikoena (0,3) edo txiki-ertainekoena (1,5) baino nabarmen handiagoa da, Munduko Bankuko datuen arabera (2016).

Kopuru gordinetan, gaur egun munduko BEG emisioen %28,6k Txinan du iturburu; %14,7k AEBtan; %9,4k Europar Batasunean (27) edota %6,9k Indian. Euskal Herrian jatorria duten isurtzeak totalaren %0,08 dira, euskal herritarrak munduko biztanleriaren %0,04 izan arren. Hain zuzen ere, Euskal Herriak (8,3) BEGen munduko per capita isurpenak (4,4) bikoizten ditu ia.