Eskualdeen argazki sozioekonomikoa osatu eta argitaratu du GAINDEGIAk

Euskal Herriko eskualdeen argazki sozioekonomikoa osatu du Gaindegiak eta atlas interaktibo batean argitaratu du. Hala, edozein erabiltzailek eskualde bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa eskuratu dezake modu bizkorrean horietako bakoitzaren gainean klik eginez. Era berean, informazio gehiago nahi izatera, deskargarako hainbat aukera ditu eskura: 1) balitatutako datu base osoa;  2) eskualde bakoitzari buruzko erreportaje bana; 3) Erreportajeen bilduma; 4)lurralde egiturari buruzko azalpena; 5) eskualdeen geruza espaziala eta 6) adierazleen fitxa teknikoa.


Ikusi mapa handiagoa

Lan honen helburu nagusia euskal herritarrek bere herriaren eskualde mailako dimentsio sozioekonomikoa kontsultatzeko baliabide bat eskaintzea da. Baina horrekin batera beste zenbait helburu ere ase nahi ditu: eskualde mailako argazki sozioekonomiko homogeneoak eskaintzea, kontsulta aukera malguak izatea eta ororen esku egotea.

Argitalpen honek eskualde bakoitzaren ezaugarri soziodemografikoak zein ekonomikoak zertan diren ezagutzera ematen du. Halaber, izaera dibulgatzailea du, urrats bizkorren bitartez eskualde bakoitza zertan den ezagutzeko ikuspuntu konparatiboa eskaintzen baitu.

Lehen bistan lurralde egituraren mapa ageri da, eta hainbat adierazlek lurraldean duten intentsitatea ikus daiteke, lau sailetan banatuta: lurraldea, ekonomia, kohesio soziala, demografia. Eskualde jakin baten gainean klik eginez oinarrizko informazioa eskaintzen duen leihoa zabaltzen da  eta inguruko  ikono jakin batzuk sakatuz, arloz arloko adierazleak kontsulta daitezke, Euskal Herriko indizeekin alderatuz une oro. Lehen leiho horrek, halaber, eskualdeari buruzko erreportaje zabalago bat deskargatzeko aukera eskaintzen du. Eremu berean, fitxa teknikoak eta datuak ere deskarga daitezke. Erreportaje bakoitzak eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoak azaltzeaz gain, Euskal Herriko gainerako eskualdeekin konparaketa bilatzen du.

Egindako lanak utzitako emaitza zenbait

Emaitza ugari eta askotarikoak utzi ditu baliatu dugun datu baseak. Lehena, lurralde desoreka da, biztanleak galtzen eta biztanleak hartzen ari diren lurraldeak, aldi berean jarduera ekonomikoetan hazten edo ahultzen ari dira. Horren alboan, hiriguneak metropolizatzen ari dira. Hortxe dago makro-eskualdeen mapa berria, zeinak hiriburuez gain, inguruko gero eta lurralde eremu zabalagoa hartzen duen. Aldiz, eskualde buruak gero eta ahulagoak dira eta iraganean bete izandako funtzio ugari betetzeko zailtasunak izango dituzte etorkizunean.

Historia

Eskualde kontzeptua funtzionala da, bailara kontzeptua fisikoa den bitartean. Izaera funtzional horren eraginez giza jarduera desberdinek lurraldea eskualde egitura desberdinetan egituratzen dute. Horrela, ez dira berdinak osasun zerbitzuetako eskualde egiturak eta hezkuntzakoak, esaterako. Baina “eskualde” kontzeptuak izaera administratiboaz gain, badu izaera praktiko bat ere.

Euskal herritar gehienek bere eskualdearen baitan gauzatzen dute eguneroko bizitza eta eskualdean bilatu ohi da norberaren auzoak edo herriak eskaintzen ez duten  hori, izan zerbitzuak edo jendarte zabalagoa. Eskualde mailan gorpuztu dira, halaber, herri ukatu honek bere etorkizunari eman dizkion proiektuak izan euskal eskolak, hedabideak, kultur elkarteak edo tokiko garapenerako egiturak.

Hala, bigarren mundu gerraz geroztik bizi izandako bilakaeran eskualde buruek garrantzia izan dute euskal lurraldea egituratzeko orduan. Eskualde buruak berebiziko eginkizuna bete izan du bai eskualdea trinkotzen, bai Euskal lurraldea egituratzen. Euskal Herria lurralde polinuklearra dela maiz esan izan da, nahiz eta azken urteotan metropolizazio garai gogorra bizi dugun, harik eta, eskualde buruak ahuldu eta lurraldea desorekatzeraino.

Berria egunkariak 2004-2005 aldian Euskal Egitura gehigarrian eskualdetako hainbat erreportaje argitaratu zituen. Erreportaje horiek liburu moduan eman zituen Gaindegiak, gaztelerara eta frantsesera itzulita, Ipar Hegoa Fundazioaren babesarekin (Gaindegia (2006), Euskal Herria eskualdeka, egoera sozio-ekonomikoaren argazkiak). Lan honek proiektu aitzindari haren bidetik urrats berri bat izan nahi du.

Laguntzaileak

Lan hau Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dute.

AttachmentTamaina
PDF icon gng_po-2019-12-18-eh_eskualdeak.pdf222.28 KB