Skip to main content

Erriberaren erradiografia sozioekonomikoa

mapa1Erribera Nafarroako eskualdea da. 45 udalerrik osatzen dute eskualdea eta Tutera da denetan handiena.

2.683,9 km2-ko azalera eta 148.596 biztanle ditu. Aski lurralde zabala izanki, biztanleria dentsitate baxua du (50 pertsona Km2 bakoitzeko). Zehazki, EHkoa baino hiru aldiz baxuagoa.

Aipagarria da biztanleria hazkundea handia izan zuen 2000-2007 bitartean, Euskal Herriko batez bestekoaren ia lau aldiz altuagoa, jarduera agroalimentarioen eta eraikuntzaren eraginez. Are gehiago, Euskal Herri osoan hazkunde handienetakoa izan zuen lurraldea da Erribera. 2007tik geroztik, ordea, gainerakoak baino makalago hazi da, jarduera ekonomikoak bizi izan duen gainbeheraren eraginez. 

infografia

Adin taldeen proportzioei begira, ez da urruntzen Euskal Herriko piramidetik, Aineko ugari dauden arren gazteek ere presentzia dute, hauetako asko beste lurraldeetatik etorritako seme-alabak. Beraz,  esan daiteke etorkinek gaztetu dutela biztanleria.Hori bai: udalerri txikienetan, adineko jendearen proportzioak oso altuak dira eta Nafarroa Garaian gertatzen den bezalaxe, zenbait udalerrik zahartze ezaugarri nabarmenak dituzte.

Jarduera sektoreak

Dudarik gabe lehen sektoreak presentzia handia du eskualde honetan. Biztanleria aktiboaren %9 sektore honetan dihardu (Euskal Herrian %2aren bueltan dago lehen sektorean lan egiten duen biztanleria aktiboa).

Ez da, ordea, sektore bakarra:  industriak eta eraikuntzak ere gainerako euskal eskualdeetan baino pisu handiagoa dute, alboko infografian ikus daitekeen moduan.

Aldiz, zerbitzuena, sektore indartsuena bada ere, Euskal Herrian baino dezente proportzio baxuagoa hartzen du Erriberan.

Langabeziari dagokionean, zonaldeka gora-beherak egon arren, Tutera ingurua da Nafarroa Garaian langabezia handienekoa duena (%20). Langabezia hori nabarmen hazi da azken urteotan.

mapa2

Eskualdeak

Erribera oso zabala da eta Erribera eskualdeka aztertzen badugu, nabariak dira zonalde batetik bestera dauden desberdintasunak jarduera ekonomikoari dagokionez.  Kontuan izan behar da, gainera, Ebro ibaiaren arroan kokatuta egonda, lotura estrategikoa egiten duela hainbat ardatz ekonomikorekin, besteak beste Euskal Herria eta Katalunia lotzen dituenarekin.

Alboko irudiak islatzen duen bezala, Ebro Garaiko Erriberan zerbitzuak dira nagusi (%65). Gogoratu Erriberan bataz beste %50a dela, beraz, eskualde honetan altua da arlo honen presentzia. Arga-Aragoiko Erriberan, aldiz, lehen sektoreak indar oso nabarmena du, jardueren laurdena hartzen du. Kokapenak ere zer ikusia du honetan. Azkenik, Tuteraldean industriak eta eraikuntzak ia jardueren erdia hartzen dute.

Nafarroako elikagaien kontsumoa

grafikoa

Nafarroako Hegoaldeak eta Erriberak elikagaien produkzioan gaitasun handia du, eskaintza handia egiten du, baina azken 20 urtean EAE-n Nafarroako elikagaien kontsumoa jaitsi egin da (ia %30) eta EAE-n kanpotik ekartzen dugun elikagaiena %25 hazi. Krisiak bete betean eragin dio Nafarroa-EAE fluxuei: erreparatu grafikoan 2009-2011 urtean nola jaisten den Nafarroako produktuen kontsumoa EAEn.

Nafarroako elikagaiak gero eta gutxiago saltzen dira Hego Euskal Herrian, beraz, eta gero eta gehiago atzerrian.  Krisi urteetan nabarmen gutxitu zen salmenta eta distribuzio enpresa handiei eraginez, gure saltokietara ez dira iristen produktu horietako asko.

Honek guztiak ageriko ondorio batzuk uzten dizkigu. Batetik, Erriberak Hego Euskal Herriarekin dituen loturak sendoak direla baina ahultzen ari direla, industrian zein sektore agroalimentarioan, besteak beste, Nafarroako produktuak gero eta gutxiago ikusten direlako Hego Euskal Herriko saltokietan. Lotura sendoak ikus litezke, ordea, jarduera industrialean, balizko lankidetzari dagokionez, zein formakuntza, ikerketa + garapenean…

Halaber, kontuan izan behar dugu Erriberak elikagaien ekoizpenean posizio estrategikoa duela eta edozein estrategia jasangarrik eskatuko duela etorkizunean nork bere lurraldean  elikagaiak ekoizteko gai izatea.

Gauzak horrela, etorkizunean Erriberak Hego Euskal Herrian bazkide komertzialak bilatzeko beharra eta aukera izango duela dirudi, baina euskal  gizarteak ere berreskuratu beharko du bertakoa kontsumitzeko joera.