Skip to main content

Sarean lan eginez, etorkizunerantz

Jon Etxeberria, Sakantzen Sareko kidea

2013.ko maiatzean, Henrike Galarzak Euskal Kultur Mintegian emandako hitzaldian zera zioen:  Nafarroa Garaiako biztanleriaren %20-ak krisiaren efektuak zuzenki jasan dituela eta etorkizunean, kolpe hori gogorragoa izan dela.

Azken urtetan, Nafar Gobernuaren politika ekonomikoa “montaña rusa” baten modukoa izan da. Gora behera asko izan dira eta konstantzia gutxi. Horren adibide nagusia, Tokiko Garapena bultzatzeko Europako LEADER 2014-2020 programaren dirulaguntzen deialdia oraindik irten ez izana da. Gehiago esanda, gutxiengo batzuen aldeko politikak izan dira. Gizarteria beldurtuta dago, ez goaz ondo eta Nafar Gobernutik ez da norabide hori aldatzeko borondaterik ikusten. Etapa luze bati agur esateko garaia iristen ari da, eta berri bati ongi etorria emateko irrikitan gaude.

Sakana bailara, politika latz horiek gogor jasaten ari den eskualdea da. 2011ko udazkenean Sakanako Larrialdi Mahaiaren inguruan bildutakoen artean inork gutxik pentsatzen zuten hiru urteko epean gauden puntuan egongo ginenik, ibilbide oparoa jorratu eta gero. Bere garaian, langabeziaren igoerak bultzatu gintuen horretara, Abian elkarteak gonbidatuta, mahaian esertzera.

2008-2013 bitartean langabetu kopurua 605tik 2.008ra igo zen eta langabezia tasa % 7tik %26ra. Mahai horretan, besteak beste, alderdi politiko guztiak, sindikatu ia guztiak eta Sakanako Enpresari Elkartea bildu ziren, eta gehiengo zabal eta anitzak sei urratsezko bide-orria adostu zuen. Sei puntu horietarik hiru Sakanako eragileei zegozkien eta beste hirurak Nafar Erakundeei. Sakanako eragileen hiru eginbeharrekoak eginak daude. 2012. urtean gizarte-ekintzailetasuna eta garapena sustatzeko Sakantzen Sarea sortu zen. Urte berean Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eratu zuen. Bailarako eragile instituzional, politiko, sindikal, enpresari eta sozial guztien hausnarketa gune bezala, Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa lehen aldiz bildu zen 2013.ean, eta Plan Estrategikoaren lehentasunak, metodologia eta lan taldeak definitu zituen. Lau taldeetan 60 pertsonek urtebetez egindako proposamen eta gizartearen ekarpenen ondorio da Sakana2020 Plan Estrategikoa, 2014ko udaberrian aurkeztu zena. Plan Estrategiko honek Sakanan inoiz izan den adostasun maila handiena lortu du, Aralar, Bildu, Geroa Bai, I-E, PSN, PP, UPN eta hautagaitza independenteek onartu baitute udaletxeetako udalbatzetan

Hau guztia lortzea ez da erraza izan. Sekretua sarean egon da; pertsona, enpresa, erakunde edota teknikarien arteko konexio guneak sortzean hain zuzen ere. Orain arteko pertsona zein enpresen arteko erlazioak, lehiakortasun erlazio batean oinarritu dira, enpresa handi eta aberats gehienak gero eta indartsuago bihurtuz eta enpresa txiki eta ertainak, handiek mugitzen duten ekonomiaren menpe geratuz.

Oraina eta etorkizuna beraz, enpresa zein pertsonen arteko elkarlan erlazio batean sostengatzen da. Sarean lan egitea beharrezkoa da. Ez dago beste irtenbiderik. Eskualdeko indarrak bertan gehitu behar dira. Asko dago hobetzeko, indar asko gehitzeko eta horma asko apurtzeko. Konfiantzan oinarritu behar da. Berarik gabe ezin baita elkarbizi. Bertrand Russellek zioen moduan: 2+2= 5.