Skip to main content

[Patenteei buruz]: Hiru gaizki-ulertu eta erronka bat

[Patenteak Euskal Herrian txostenaren harira Ismael Igartua adituak Gaindegiarentzat idatzitako testua]

Hiru gaizki-ulertu eta erronka bat

 

Euskal Herriko patenteen inguruko historia kontatzen hasita, aurreko mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan jarri genezake abiapuntu posible bat. Entzun izan dugu garai hartako industri susperraldia besteak beste atzerritarrei kopiatzetik etorri zela. Orduan kontutan hartzen ziren patente bakarrak udalek bizikletentzako ematen zituzten matrikula moduko txapatxoak ziren antza.

Denborarekin, dagoeneko laurogeigarren hamarkadan sartuta, euskal enpresek patenteak administratzeari ekin zioten eta patenteak erregistratzen hasi ziren, baina beti ere ekintza “defentsibo” moduan. Gainera, askotan patenteen erabilera “defentsibo” hau kontzeptu oker batean oinarritzen zen: “neronek nire produktua patentatzen badut, inork ezingo dit bere patenteekin konturik eskatu”. Patenteak ematen digun eskubide bakarra guk patentatutako produktua besteei baimenik gabe fabrikatu eta saltzea galeraztekoa da, ez digu bermatzen guk geuk fabrikatu eta saldu ahal izango dugunik. Gerta daiteke norberaren produktua aurrekoen hobekuntza izanik patentagarria izatea, produktua berri eta inbentibo bilakatzen duten ezaugarri gehigarriak dituelako, baina aldi berean produktu hori aurreko patente baten eremu barruan erortzea, aurreko patente horrek babesten dituen ezaugarri guztiak dituelako. Hau garbi ez izateak buruko min asko eman izan ditu, eta zoritxarrez oraindik ere ematen ditu. Hona hemen lehenengo gaizki-ulertua.

Gerora, koka gaitezen adibidez aurreko mendearen bukaera aldera, patenteen administrazio huts batetik patenteen kudeaketara saltoa ematen hasi ziren gure enpresak: lehiakideen patenteak zainduz eta aztertuz, patenteen erregistroa sistematizatuz eta abar. Ordutik, zorionez geroz eta enpresa gehiago dira patentetan jasotako informazioaren garrantziaz (patentetan dagoen jakinduria erabilgarri guztiaz) kontzientzia hartzen joan direnak. Honekin batera, besteen patenteen infrakzioa prebenitzea funtsezkoa dela ere geroz eta enpresa gehiagok barneratu dute. Hala ere, gehienetan patenteen kudeaketa hau kudeaketa pasiboa izaten da, eta adibidez patenteak erregistratzeko aukerak galtzen dira asmakuntzak patentea eskatu aurretik erakusten direlako. Oraindik heltzen zaizkigu erakusketaren batean, argitalpenen batean edota salmenta bidez dagoeneko dibulgatuta dauden asmakuntzak patentatzeko eskariak, asmakuntza batek patentagarri izateko bete behar duen lehen baldintza ez dela betetzen jakin gabe: mundu mailan berria izatea (nahiz eta asmakuntza gurea izan, erakutsi badugu dagoeneko ez da berria). Bigarren gaizki-ulertua.

Patenteen inguruko beste frustrazio iturri bat patente batek zer babesten duen garbi ez edukitzetik dator, eta hau da azaleratu nahi dudan hirugarren gaizki-ulertua. Badago joera pentsatzekoa patenteak babesten duena patentearen jabearen produktua bera dela, eta beraz patente infrakzioa dagoen jakiteko patente jabearen produktua (edo behintzat patenteko irudietan agertzen dena) eta hirugarrengoaren produktua konparatu behar direla. Honek patente urratzaileen aldetik era honetako adierazpenak entzutera garamatza: “nola da posible nire produktuak patente hori urratzea, patentatutako produktutik hain desberdina izanda?”.  Kontua da patentearen babesa patenteko erreibindikazioetan jasotakoak ematen duela. Erreibindikazioak babesten den asmakuntzaren definizioak dira, definizio horietakoren batean erortzen den produktuak (definizioko ezaugarri guztiak dituenak) patentea urratuko du. Patente baten erreibindikazio printzipala (definizio printzipala) oso orokorra izan daiteke.

Hirugarren gaizki-ulertu honekin jarraituz, patente jabeen ikuspegitik berriz honelakoak entzun izan ditut: “patentatzeak ez du ezertarako balio, lehiakideek aldaketa txiki bat sartzen dute produktuan eta dagoeneko patentetik kanpo daude”. Era honetako adierazpenak esperientzia txarren ondorio izaten dira. Kasu hauetan gertatu izan dena da lortutako patenteen erreibindikazioak oso konkretuak izan direla, sarritan konkretuegiak. Beraz, erraza izan da lehiakideentzat erreibindikazio printzipalak (definizio printzipalak) zehazten dituen ezaugarri guztiak ez erreproduzitzea. Patentatu dezagun, baina patentatu dezagun ondo.       

Hiru gaizki-ulertu patenteen inguruan. Badira gehiago ere. Euskal Herrian izan dugun eta oraindik neurri handi batean daukagun patente kultura faltaren erakusgarri. Hor daude patente kopuruen datuak. Hala ere, arazoa kuantitatiboa baino gehiago kualitatiboa da, patente kultura faltarekin erabat lotuta dagoena. Sustatu dezagun patente kultura gure enpresetan, ea apurka-apurka patenteen kudeaketa pasibo bat egitetik kudeaketa aktibo bat egitera pasatzen garen, enpresa estrategiarekin erabat lerratuta dagoen patente estrategia bat finkatuz eta patenteak benetan errentagarri bilakatzeko neurriak hartuz. Hona hemen erronka.