Gaindegia Txostena 2008: Adituen Analisia- Gorka Bueno

Energia mendekotasun larria Euskal Herrian
Euskal Herrian energia kontsumoa ez da iraunkorra. Alde batetik, kontsumitzen dugun energiaren zatirik handiena kanpotik datorkigu eta jatorri fosila du; bestetik, energia azpiegiturak kontrolatzen dituzten erabakiguneak Euskal Herritik kanpo daude. Epe luzera, egoera eutsiezina da; zoritxarrez badirudi administrazioak oraindik ez direla konturatu.

Energia buruaskitasuna islatzen duen autohornikuntza- tasa apala da gurean: %5,4 EAEn (2007), %14,9 Nafarroa Garaian (2006) eta %1,4 Iparraldean (2004). Guztira, %7 inguru Euskal Herrian. Mendekotasunarekin oso kezkatuta dagoen Europako Batasunean tasa %50 da.
Gorka Bueno
EHUko irakaslea
Entzun Gorka Buenoren hitzak

Euskal Herrian ia ez dago erregai fosilen erauzketarik, eta bertoko energia sorkuntza, fluxu berriztagarrien ustiapenean oinarritzen da: EAEn biomasa da nagusi; Nafarroa Garaian haize-parkeetan sortutako elektrizitatea; eta Iparraldean, tamaina txikiko hainbat presa hidroelektrikotan sortutako elektrizitatea eta biomasa, bakoitza neurri berean. Guztira, biomasatik sortutako energia Euskal Herrian sortzen denaren %60 da, eta elektrizitate eolikoa %30 (nagusiki Nafarroa Garaikoa). Eguzki energia termikoaren eta elektrizitate fotovoltaikoaren ekarpenak hutsaren hurrengoak dira, beren potentzialtasunaren oso azpitik, zoritxarrez.

Europako Batasunak 1996an ezarri zuen helburuaren arabera, berriztagarrien ekarpenak gutxienez kontsumo gordinaren %12 izan beharko du 2010. urtean. Nafarroa Garaian helburua beteta dago jadanik: 2006an %13,3 zen portzentajea, eta Nafarroako Foru Gobernuak laster %14,7 izatea espero du2. EAEn berriz, 2007an %5 inguru zen berriztagarrien ekarpena –Eusko Jaurlaritzak onartu du jadanik ezinezkoa izango dela 2010eko helburua betetzea–, eta Iparraldean %2 baino gutxiago zen 2004an. Euskal Herri osoan, guztira, %6,4 inguru da berriztagarrien ekarpena kontsumo gordinaren ehunekoetan neurtuta, eta helburuak betetzetik urrun gaude. Bestalde, oso kontuan hartzekoa da berriki Europako Kontseiluak 2020rako berriztagarrien ekarpena %20 izateko muga ezarri duela.

Egia da azken urteotan energia berriztagarriak ugaldu direla Euskal Herrian, baina ez da nahikoa; gainera, aldi berean administrazioek bultzatzen dituzten beste hainbat neurrik kontrako norabidean eramaten gaituzte. EAEn esaterako, larria da gas naturalaren aldeko apustu sutsua. Kanpotik inportatu beharreko gas naturalak CO2 isurketak dakartza, zikina da: haren kontsumoa ikatzarena baino garbiagoa izan arren, gas naturala erretzen duen Boroako ziklo konbinatuko zentralak, adibidez, orduko ia 280 tona CO2 isurtzen du, potentzia gorenean (755 MW) funtzionatzen duenean. Eusko Jaurlaritzako helburuak betez gero, EAEn laster ziklo konbinatuko zentral termikoen potentzia elektrikoa guztiaren %65 izan daiteke3, eta gasaren kontsumoa, gordin osoaren %52 2010erako4. Hori bai mendekotasuna! Horrelakorik ez dago munduan herri garatuen artean; 2007an ehuneko handiagoa zuten estatu bakarrak honako hauek ziren5: Uzbekistan, Katar, Turkmenistan, Bangladesh, Belarus, Arabiako Emirerri Batuak, Algeria, Azerbaijan, Errusia, Iran eta Argentina. Horiek al dira gure erreferentziak? Europako Batasunean gas naturalaren kontsumoa %24,9 da eta OECDn, %23,7.

Ziklo konbinatuen ugaltze masibo horri esker, Eusko Jaurlaritzak dio “Euskadin sortutako elektrizitateak [Euskadiko eskaera elektrikoa] estaliko luke; hots, buruaskitasun maila iritsiko” lukeela6. Baina Eusko Jaurlaritzak hau ahazten du: zentralek erretzen duten gasa kanpotik datorkigu. Horrela ez dago batere buruaskitasun energetikorik sorkuntza elektrikoan.

Larriagoa dena: EAEko gobernuak gas naturalaren kontsumoa erabiltzen du –kontsumoa bultzatuz– energia ekoizpen eta kontsumo iraunkorrarekin lotutako helburuak hobeto betetzeko, edo haien ez- betetzea apaintzeko. Eusko Jaurlaritzaren II. Ingurumen Esparru Programan, M2.6 helburuak hau dio7: “Energia kontsumoaren %29 energia berriztagarrien eta baterako sorkuntzaren bitartez egitea lortzea [2010ean]” (2005ean %16 omen zen). Helburuak, berriztagarrien ekoizpena eta baterako sorkuntza lotzen ditu, energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea den 5. helburu estrategikoaren atalean. Baina 2007an, baterako sorkuntzan erabilitako erregaien %76,6 gas naturala zen, %10,7 petrolioaren ekoizkinak, eta bakarrik %13 zen berriztagarria. Iturri berriztagarriko baterako sorkuntza bakarrik kontuan hartzen bada, %6,4ra jaisten da. 2010eko %29ko helburu hori, nola lortuko da ba? Gas naturala erretzen lortu nahi baldin badute, kontsumo hori ez da batere iraunkorra izango. Horrelako politikek ez gaituzte iraunkortasunaren bidean jartzen.

Nafarroa Garaiko Foru Erkidegoan berriz, berriztagarriekiko begirunea EAEn baino handiagoa da –kontuan hartu behar dugu, aldi berean, Nafarroa Garaian potentzialtasuna altuagoa dela–. Baina gauzak aldatzen ari dira Nafarroa Garaian, zoritxarrez8. Egun potentzia eolikoa (936 MW 2006an) ziklo konbinatukoa (800 MW) baino handiagoa den arren, 2010era begira egoerari buelta eman nahi dio Nafarroa Garaiko Foru Gobernuak, eta 2010erako ziklo konbinatuko zentral termikoen potentzia bikoiztu. Helburuak betez gero9, gas naturalean oinarritutako sorkuntzak haizearena (1,6 GW) garaituko luke, iraunkortasunaren kalterako.

Iparraldean ere energia mendekotasuna itzela da. Sorkuntza hidroelektrikoa garrantzitsua izan arren, sistema fotovoltaikoaren eta eguzki energia termikoaren erabilera murritzegia da, potentzialtasunaren oso azpitik. Biomasaren ustiapenak ere etorkizun handia du Iparraldean, baina funtsezkoa izango da ustiapen eredu iraunkorrak bermatzea, kanpotik ekarritako nekazaritza industriaren ustiapen ereduak saihestuz eta lurraldean errotutako laborantza ekologikoan oinarrituz, eredu horiek guztiz ezberdinak baitira. Honekin lotuta, azpimarratzekoa da gizakientzat funtsezkoena den energia iturriaren sektorearen egoera: nekazaritza eta abeltzaintzarena, jaten dugun elikagaiez arduratzen den sektorea hain zuzen. Edozein supermerkatutara joan baino ez dugu konturatzeko arlo honetan zer-nolako mendekotasuna dugun, gero eta handiagoa, etxaldeen desagertzeak bultzatuta.

Hala ere, Euskal Herriko energia mendekotasuna ez da baliabide naturaletara bakarrik mugatzen. Mendekotasuna itzela da energia azpiegiturei dagokienez ere. Zentzu horretan, bereziki larria da sare elektrikoaren kudeaketan. Jakina denez, elektrizitatea ez dago eskala handian biltzerik. Horregatik, sare elektrikoan edozein unetan sorkuntza eta kontsumoaren arteko doiketak etorri behar du, eta sare elektrikoaren kudeaketa fina eta zentral termiko guztien funtzionamenduaren planifikazio zehatza eskatu behar da. Urtez urte gero eta handiagoa den sorkuntza eolikoaren ekarpenak are eta gehiago zailtzen du sare elektrikoaren kudeaketa, Europan estatu mailan egiten dena. Espainiako Estatuan adibidez, zentral termoelektrikoen programazioa Red Eléctrica de España, S.A. (REE) enpresaren CECOEL zentroak burutzen du, Madrildik hurbil. Zentro horretatik estatu osoko zentral guztiei sorkuntza mailaren aginduak bidaltzen zaizkie, orduz ordu. Erregulatu ezineko sorkuntza berriztagarria, nagusiki eolikoa, REEren CECRE zentrotik kontrolatzen da. Espainiako Estatuan elektrizitatearen merkatu liberalizatua dagoenez, hurrengo egunean elektrizitatea sortuko duten zentralak eta elektrizitatearen salneurria merkatu birtual batean erabakitzen dira egunez egun, Operador del Mercado Ibérico de Energía, S.A. (OMEL) enpresak kudeatuta. Iparraldearen egoera simetrikoa dugu, Parisi begira. Euskal Herrian ez dago sare elektriko autonomorik; bi elektrizitate sare daude, Frantziako eta Espainiako Estatuen mendekoak; eta Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko haustura elektrikoa, ezbairik gabe, administratiboa bezain sakona eta larria da.

Sare elektrikoaren kudeaketa gaitasunik ezak guztiz baldintzatzen du euskal energia buruaskitasun oso mugatua, eta kontuz ibili behar dugu sorkuntza elektriko berriztagarria kontsumoarekin erkatzen denean. Nafarroa Garaian adibidez, elektrizitate eolikoa Nafarroa Garaiako kontsumo elektrikoaren erdia adina energia da; baina horrek ez du esan nahi Nafarroa Garaian kontsumitzen den erdia eolikoa denik. Hegoaldeko sorkuntza eolikoa eta kontsumoa estatu mailan planifikatu, programatu eta kudeatzen da10. Egun, burujabetza elektrikoa ezinezkoa da Euskal Herrian. Petrolio eta gas naturalaren azpiegituren kudeaketa ere hein handi batean estatuen mende dago. Energia azpiegituren arloan, EAEn eta NFEn energia-eskuduntza maila ia ingurumen baimen eta instalazio berrien baimenak igortzera mugatzen da, estatu mailan planifikatutako politiken garapenarekin batera.

Energia egoera larrian gaude Euskal Herrian. Erregai fosilen mendekotasuna itzela da gure gizartean. Garrantzitsua da energia berriztagarrien ustiapena bultzatzea. Euskal Herrian badago haiei etekina ateratzeko tarte handiago bat oraindik: biomasatik ateratako energia, elektrizitate fotovoltaikoa, eguzkienergia termikoa berokuntza eta ur beroa hornitzeko, haizeenergia... Baina berriztagarriak ez dira mirarizkoak. Egungo kontsumo maila eta ereduak gizarte modernoan –geure gizartean– ez dira batere iraunkorrak. EAEn, adibidez, 2001etik 2007ra arte, elektrizitate kontsumoaren bataz besteko urteko hazkundea %2,9 izan da, eta garraio-sektorean %4,4. Joera horri buelta eman behar zaio, eutsiezina baita. Erregai fosilekiko mendekotasuna apurtzeko eta klima eta energiarekin lotutako ziurgabetasunari aurre egiteko gakoa hau da: energia kontsumoa sakonki murriztu, eta bertako ekoizpena, etxekoa, bultzatzea. Garapen iraunkorrean jarriko gintuzketen kontsumo eta ekoizpen ereduak sustatu eta bultzatu behar dituzte erakundeek. Energia fluxu berriztagarrien erabilera ugaldu behar da, baliabide guztietako birziklapenarekin batera, energia kontsumoak murrizte aldera. Era berean, gizarteak elikagai eta produktuen kontsumoa bertako ekoizpenarekin estaltzen saiatu behar du, hori baita garraio-sektorean kontsumitzen den energia kopuru itzela murrizteko bide bakarra. Zoritxarrez, administrazioen asmoa ez ei da mugikortasuna murriztea energia kontsumoa gutxitzeko, baizik eta kontrakoa, garraio azpiegitura erraldoien eraikuntza bultzatzea.

Pdf-an analisiaz gain, gaiari sarrera egiten dion erreportajea.