Skip to main content

Bizkaiaren egoera Euskal Herriaren eta Europar Batasunaren aldean

Bizkaiaren egoera Euskal Herriaren eta Europar Batasunaren aldean

2000ko martxoan, Europar Kontseiluak Lisboako Estrategia zehaztu zuen, hurrengo hamarkadan zehar Europar Batasun osoan helburu estrategiko hau lortzeko: “Ezagutzan oinarritutako munduko ekonomia lehiakorrena eta dinamikoena bihurtzea, hazkunde ekonomiko iraunkorra izanik, enplegu gehiago eta hobea lortuaz eta gizarte-kohesioari eutsiaz”.

Estrategia horrek hiru alderdi uztartzen dituen ikuspegia du oinarrian. Hauek dira alderdi horiek: ekonomiaren berrikuntza, gizarte-kohesioa eta ingurumen iraunkorra. Hiru ardatz horiek bata bestean oinarritu eta elkar sendotzen dute. Etengabeko berrikuntzaren bidez produktibitatea handitzeko beharrari ematen zaio garrantzia, baina ez helburu ekonomikoei begira bakarrik, produktibitatearen etengabeko hazkundeak gizarte kohesionatuagoa lortzeko baldintzak ekartzen dituela uste baita. Bestalde, estrategia horretan ingurumena aintzat hartzea erabaki zuen Göteborgeko Kontseiluak, eta orduan adierazi zutenez, BPGren hazkundea eta ingurumenaren hondamenaren gorakada bereizten lagundu dezakeen gakoetako bat da berrikuntza. Zentzu horretan, gizarte kohesionatuak eta ingurumen txukunekoak dira gizarte sormena eta berrikuntza garatzeko esparru egokiena. Horrenbestez, Lisboako Estrategian jasotako helburu eta politikek elkar osatzen eta sendotzen dute. Politika handi horietako bakoitzerako estrategia eta jarraibide batzuk finkatu ziren eta, zenbait kasutan, helburu kuantitatiboak ere bai. Politika horien emaitzen jarraipena egiteko, koordinazio-metodologia irekia onartu zen. Hainbat erakundek eta eragilek parte hartzen dute metodologia horretan, eta garrantzi handia ematen zaio helburu kuantitatiboak finkatzeari, bai eta helburu horien emaitzak egitura-adierazle sintetiko mugatu batzuen bidez neurtzeari ere.


Prozesua osatzeko, urtean behin, lehen seihilekoan egiten den Europar Kontseiluan, Udaberriko Txosten bat onartzen dute EBko gobernuburuek, eta bertan estrategia honen emaitzak ebaluatu, aurrerapenaren balantzea egin, jarraibide berriak onartu eta aurrera begirako lehentasunak zehazten dira, Lisboan finkatutako helburuak lortzen joateko.

Bestalde, Europako estatu eta erregioek oso abiapuntu eta egoera desberdinak dituztela jakinik, europar jarraibideak estatu nahiz erregio mailako neurri politikoak bihurtzeko eta helburu zehatzak finkatzeko
beharra azpimarratu zuen Kontseiluak. Lisboako Estrategiaren arduradunak konturatzen dira eraldaketak lortzeko prozesua motel samar doala eta erreformak bizkortzeko aukera aztertzen ari dira, AEBek lortutako berrikuntza-mailara eta enplegutasara iristeko helburuz, Europako bizikidetza-ereduaren berezitasunen ezaugarri diren bi alderdi hauek baztertu gabe, betiere: epe luzerako gizarte-kohesioa eta ingurumen iraunkorra. Euskal Herria gainerako herrialdeak baino posizio atzeratuago batetik abiatzen da, eta ahalegin handiagoa egin behar du politika askotan Europarekin bat egiteko.

Lan honek bi helburu nagusi ditu: Bizkaiko egoera laburbiltzea, batetik, 2000. urtean aurkeztu zirenez geroztik Lisboako helburuak zenbatean lortu diren ikusteko erabilitako egitura-adierazleak2 oinarritzat
hartuta, eta estrategia horren hiru zutabe nagusien joerak eta aurrera begira dauden aukerak aztertzea, bestetik.