Skip to main content

Lea Artibai eskualdean toki garapenari buruz

Lea Artibai eskualdean toki garapenari buruz

Krisiak gogor jo gaituen azken urte hauetan indartsu azaleratu da toki garapenerako estrategien beharra. Lurralde eremu bateko enpresa ehunaren lehiakortasuna hobetu eta beraz, bertoko lanpostuak mantendu eta berriak sustatzeko, tokiko estrategia baten beharra.

Ez da zalantzarik sortzen lurralde bateko bizi kalitatea bertoko lan egoerarekin zuzenean lotuta dagoela esaten denean. Baina urte askotan zehar, tokiko politika aktiboak ez dira nahikoak izan enpresa ehun ezberdinak indartzeko.

Gaur egun, ordea, tokian tokiko errealitatearen azterketa sakonetik abiatuz, bertoko jardueren berrikuntza sustatzea eta tokiko ezagutza eta gaitasunekin bat letozkeen ekimen berriak identifikatu eta bultzatzea, nahitaezkoak kontsideratzen dira.  Nola heldu erronka honi?

Azaro Fundazioak 13 urte daramatza Lea Artibai eskualdean toki garapena sustatzen. Ez da izan ibilbide lineala. Baina, egindako bideak, lorpenek eta akatsek, toki garapenerako estrategia baten arrakastarako giltzarrizkoak izan daitezkeen faktoreak identifikatzera eraman dute.

  1. Tokiko indar guztien parte-hartzea eta inplikazioa. Gobernantza Eredua 

Toki Garapenerako estrategia eraginkor batek zenbait osagai nahitaezkoak ditu. Alde batetik,  Formakuntza, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Ikerkuntza lanerako eje estrategiko bezala;  eta bestetik, eragile publiko eta pribatuen parte-hartzea proiektu ezberdinen bideragarritasuna bermatzeko.

Honela bada, lurralde bakoitzean, eremu hauetan diharduten ikastetxe, ekintzailetza eta berrikuntza zentro, garapen agentzia, ikerkuntza zentro, udaletxe, amankomunazgo, enpresek, etab., lan mahaia konpartitu behar dute. Eskualdearen edo herriaren azterketa eta diagnosia konpartitu behar dituzte eta etorkizunera begirako ibilbide bat adostu. Elkarrekin joate hau eraginkorra izan dadin giltzarrizkoa izango da ere, denek aitortuko duten lider bat adostea.  Koordinazio, bitartekaritza, ordezkaritza eta jarraipen lanak beregain hartuko dituen eragilea. 

Gobernantza eredua diogunean, beraz, toki garapeneko eragile ezberdinen partaidetzaz dihardugu, publiko nahiz pribatuez, eta, halaber, guztien arteko koordinazio lana eta helburuekiko dinamika mantenduko duen arduradun-lider errekonozituaren izendapen adostuaz.

  1. Eskualdeko enpresa ehunaren konpetentzien mapa

Eremu geografiko baten garapenean eragiteko, lurralde horren enpresa ehunaren ezagutza sakona izan behar dugu: sektore ezberdinen identifikazioa eta balio kate ezberdinena. Honez gain, balio kate bakoitzeko enpresen gaitasun komertzialak, teknologikoak edo Kudeaketa mailakoak ezagutzea ere klabea da, hauetatik abiatuz eraiki beharko baititugu proiektu berriak. Gaitasun hauek dira uztartu behar ditugunak aukera emergenteekin.

Ezin da toki garapeneko estrategia eraginkorrik definitu bertoko enpresa ehunaren eta giza kapitalaren gaitasun eta beharrizanak sakonki ezagutzen ez badira. Definitzen den gobernantza ereduko koordinazio guneak uneoro kontutan izan behar duen nahitaezko premisa da hau.

  1. Etorkizuneko proiektua. Espezializazio Estrategia Adimentsua

Garenaren ezagutza sektore/segmentu/teknologia emergenteekin uztartuz, aukera eremuak identifikatuko ditugu. Toki Garapenerako estrategia proaktibo bat definitzeko lan eremuak. Beste era batera esanda, zenbait sektore edo esparruren aldeko apustua eta beraz, formazioa, ekintzailetza, berrikuntza eta ikerkuntza garatzeko orientabideak. Honi deritzozu tokiko espezializazio estrategia adimentsua.

Euskadik ere badu bere RIS3-a.  Oinarrizko erreferentzia eskualde edo udalerri ezberdinetako estrategia definitzerakoan.

  1. Helburuak eta proiektu estrategikoak

Tokiko gaitasun eta beharrizanak aukera emergenteekin uztartzen dituen tokiko estrategia bat gauzatuko bada, helburu zehatzak definitu behar dira eta hauekiko jarraipena egin. Gobernantza eredua definitzerakoan lidergoa errekonozitu zaion erakundearen zeregina izango da helburu horien zehaztapena bideratzea. Erakunde ezberdinei dagokien egitekoa gauzatzen lagunduko duten helburuen definizioa ahalbideratzea eta modu koordinatuan jarraipena egitea, denen artean zehazturiko ibilbide estrategikoaren eraginkortasuna uneoro neurtzen joateko.

Helburuak, lan ildoak eta jarraipenerako adierazleak nahitaezkoak dira toki garapenerako estrategia baten gauzapenak jarduera ekonomiko berriak eta lanpostuen sorrera ahalbideratuko baditu.

  1. “Tokikotasuna azpimarratu modu zabalean berrituz “

Toki Garapenerako estrategiak tokikotasuna azpimarratu behar du. “Garena, egiten dakiguna, arduratzen gaituena”. Bertako indar biziak mugitu behar ditu, garapen endogenoa bultzatu, herritarrak ekintzaile bihurtu, toki edo lekuarekiko atxikimendua elikatuz. Baina hori guztia inguruarekin interakzioan burutu behar da. Inguru zabal eta globalarekiko interakzioan. Kooperazioa (barrura eta kanpora begira) eta nazioartekotzea garenetik eta garena azpimarratuz, horrek (ere) ezberdintzen gaituelako.

Bost dira aipaturiko giltzarrizko faktoreak. Gehiago ere izan daitezke. Baina hauek badira behintzat Azaro Fundazioak 2020ra begira ere lehentasunez kudeatuko dituenak, aurreko urteetako emaitzen (arrakasta eta porrotak) irakatsia izan diren heinean.