Gaindegia Txostena 2008: Urteko Ikerketak- Adineko eta pentsiodunen beharrak eta nahiak

ADINEKO ETA PENTSIODUNEN BEHARRAK ETA NAHIAK
  • Izenburua: Estudio sobre las condiciones de vida de las personas mayores y pensionistas de Euskal Herria.

  • Argitaratzailea: Ipar-Hegoa Fundazioa

  • Egilea: Barrenetxea Sandra, Elorriaga Iñaki, Ruiz de Pinedo Iñaki

  • Hizkuntza: gaztelania

  • Orrialde kopurua: 100

  • Argitaratze data: 2008/06

  • Non eskuratu: Ipar-Hegoa Fundazioa

Euskal Herriko biztanleen %20k 65 urtetik gora dituzte eta pentsioduna da. Jada, euskal gizartean gazteak baino gehiago dira adinekoak. Gizartea zahartzen ari dela argi erakusten dute datuek, adinekoen sektoreak gero eta garrantzi handiagoa duela ere bai, eta gizarte politika, osasun zerbitzuak eta bestelako hainbat baliabide sektore horren arabera berrantolatu behar direla dioten ahotsak ere bai.

Baina adineko eta pentsiodun horien bizi baldintzei eta beharrei buruzko informazio gutxi dago.

65 urtetik gorakoak eta pentsiodunak nola bizi diren, zer kezka eta zer behar dituzten, eta zer nahi duten jasotzen duen azterketarik ez dago, eta hori horrela izanda, oso zaila izango da euren neurrirako irtenbide eraginkorrak martxan jartzea.
Gabezia horri aurre egiteko helburua du azterlan honek: Euskal Herriko adineko eta pentsiodunen argazki orokor bat atera du eta euren gabeziak eta beharrak detektatu ditu, politika eraginkorragoak martxan jartzeko txosten baliagarria egin asmoz.

Informazioa biltzeko hiru iturri erabili ditu Ipar Hegoa fundazioak. Batetik, adinekoei eta pentsiodunei inkestak egin dizkie informazioa biltzeko. Horrez gain, EUSTAT, INE, INSS, INSEE eta Gaindegia erakundeetatik datuak jaso ditu, eta azkenik, adinekoen elkarteetako eta sektoreko hainbat adituri elkarrizketak egin dizkiete.

Informazio hori guztia biltzean eta analisia egitean bost ardatz nagusi aztertu ditu Ipar Hegoa fundazioak: ekonomia, osasuna, adineko eta pentsiodunaren bizitokia eta bere baldintzak, aisialdia, eta pertsona horiek dituzten pertzepzioak, itxaropenak eta erronkak. Ardatz bakoitza banan-banan aztertu du azterlanak, eta bakoitzari atal bat eskaini dio. Aurrena, Euskal Herriko adinekoei eta pentsiodunei buruzko datuak ematen ditu, eta baita eurak jasotzen dituzten pentsioei buruzkoak ere. Ondoren, Hegoaldean bizi diren adinekoen eta pentsiodunen bizi baldintzak aztertzen ditu, eta osasuna eta egoera ekonomikoa ere bai. Azkenik, adineko eta pentsiodunen posizionamendu ideologiko eta erlijiosoa ere jasotzen du, egungo pentsio sistemari buruz duten iritziarekin batera.

Ikuspegi horiek aztertuta, Euskal Herriko adineko eta pentsiodunen erdia pobrezian bizi dela ondorioztatu du lanak, hilean 715 euro baino gutxiagorekin. Ia erdiek arazo ekonomikoak dituzte euren beharrak asetzeko, eta emakumeak dira gabezia gehien dituztenak, pobre izateko aukera bikoitzak dituztelako.

Azterketak erakutsi duenez, Hegoaldeko adinekoen gehiengo nagusia (%91,6) etxebizitzaren jabe da, eta Iparraldekoen erdia baino gehiago ere bai (%56,9). Etxebizitza zaharrak dira, ordea gehienak, eta irisgarritasun baldintzak ez dituzte betetzen ia gehienek.

Adinekoen gehiengoak (%83) ondo eta gustura bizi dela dio, eta erdia baino gehiagok uste du bere osasun egoera ona dela eta eguneroko eginbeharrak egiteko inolako arazorik ez duela. Hezkuntza maila nahiko apala dute, eta lautik hiruk oinarrizko hezkuntza edo gutxiago dute. Familia eta osasuna dira Euskal Herriko adinekoen kezka nagusiak, eta gehiengoak katoliko sinestuna dela dio.

Pdf-an GAINDEGIA TXOSTENA 2008ko edukia.