Gaindegia Txostena 2009: Iparraldean euskaraz eskola-maila altuena jasotakoen egoera sozio-laborala

Iparraldean euskaraz eskola-maila altuena jasotakoen
egoera sozio-laborala

Iparraldeko ikastolen historia orain 40 urte hasi zen, zehazki 1969an. Ama ikastolarekin hasi, eta handik hamabi urtera zabaldu zuen lehen lizeoa Seaskak, eta ordutik ehunka dira 3. zikloa euskaraz bertan egin duten ikasleak. Hain justu, ikasle horiek osatzen dute Iparraldean euskaraz eskola maila altuena jasotako kolektiboa.

Baina Seaskatik atera ondoren, nora jo dute ikasle horiek? Non ikasi dute? Zer? Zein lanetan ari dira? Non? Euren ibilbide sozio-profesionalaren jarraipenik ez da egin orain arte. Eta informazio horrek interes eta garrantzi handia du, bai ikastolen elkartearentzat eta euskaltzaleentzat, baita Iparraldeko sare sozio-ekonomikoarentzat ere.

Horren garrantziaz jabetuta, Gaindegiak, Seaska eta Hezkuntekekin elkarlanean, lan hau sustatu du, Iparraldearen etorkizunerako zer erakutsia izango duelakoan.

Ikerlanak ondorio argiak utzi ditu. Seaskaren lanari esker, euskaraz eskolatutako profesional multzo zabala dago Iparraldean, eta gainerako kolektiboek baino hautu sendoagoa hartu dute Iparraldean bizi eta lan egiteko. Horrek Iparraldea bertako seme-alabez husten duen joera apaltzeko balio du, bertako sare sozio-ekonomikoari profesional onak eta euskaldunak eskainiz.

Baina giza zientziei lotutako ikasketak eta lanbideak dira nagusi, eta joera horri eutsiz gero, laster ugaritu daiteke langabetuen kopurua ikasle ohien artean. Adar horiek aukeratuta, gainera, eragin ekonomiko eta sozial handienetako eginkizunetatik kanpo gelditzen dira euskaraz eskolatutako profesionalak.

Izan ere, Iparraldearen erronka sozioekonomiko nagusietako bat bere jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea da, turismoa eta turismoarekin lotutako zerbitzuen nagusitasuna orekatzea, eta industria eta industriari lotutako zerbitzuak garatzea, hain justu. Egun Seaska uzten duten ikasle gehienak ez daude erronka horretan laguntzeko prestatuak.

Hor dago erronka: Iparraldeko sare ekonomiko eta sozialaren erronketan inplikatuko den giza talde sendoa sortzea, eta horretarako Hegoaldeak aukera ezin hobeak eskaintzen ditu.

Eneko Gorrik zuzendu du lana, eta Ramuntxo Etcheberrik, Beñat Castorenek, Jaki Aguerrek, Gillermo Etxeberriak eta Seaskako ikasle ohiek osatu dute lantaldea, Anton Mustirats eta Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan dute.

Ikerketa egiteko informazioa galdeketen bidez lortu dute, eta galdeketa hori zazpi atalen inguruan eraiki: ikasleen datuak, gaurko egoera, ikasketa-ibilbidea, lan-ibilbidea, bizitokia, hizkuntza- ohiturak, eta Seaska. Guztira 96 galdera egin dituzte, horietatik sei irekiak. Galdeketa osatzeko, hiru aukera eskaini dizkiete ikasle ohiei: on-line bidez, paperez, e-postaz, edo telefonoz. Erantzun gehienak on-line eta e-postaz jaso dituzte.

Ikasleak aurkitzeko auzo-lanean ibili da lantaldea, ikasle ohi batzuekin harremanetan jarri eta haien laguntzarekin ikasle ohiak aurkitu dituzte. Halere, gehien erabili duten tresna Internet izan da, eta batik bat bertako sare sozialak, Facebook eta gisa horretako sareek ikasle ohi asko aurkitzeko balio izan baitute.

Ikerketa bera hiru ataletan banatu dute, baina argitalpen honetan bi nagusi aipatzen dira: ibilbide sozio-profesionala, batetik, eta ikasle ohien mugikortasuna, bestetik. Horrez gain, ikerketari loturiko analisi gehigarri bat ere jasotzen du dokumentuak, Hegoaldera joatearen aukeraren ingurukoak aztertzen dituena, hain justu.