Skip to main content

Euskal Herriko lan merkatua - 2013

Txosten honetan Euskal Herriko lan merkatuaren egoera aztertzen da. Helburua krisi sozio ekonomikoaren hasieratik gaurdainoko lan merkatuak izandako eboluzioari jarraipena egin eta gure egunerokoa ezaugarritzen dituzten zertzeladak ulertzea da.

Txostena iturri estatistiko ofizialetako datuetan oinarritzen da. Gaindegiak, datu hauetatik abiatuz Euskal Herri osoko eta hau osatzen duten lurraldeen errealitatea ahalik eta zintzoen irudikatzeko saiakera egin du, beti ere, lurralde osorako metodologikoki beharrezko kalitate eta homogenitate irizpideak aintzat hartuz. Hala ere, zenbait adierazle lurralde osorako kalkulatzea ezinezkoa suertatu da, baina, hauek duten interes maila eta egokitasunagatik txostenean jorratu ditugu lurraldearen argazki osatugabea eskaintzen badute ere ikuspegi interesgarria eskaintzen baitute Euskal Herrirako.

Argitalpenak oinarrizko hiru kapitulu ditu: biztanleria aktiboaren ezaugarriak, enplegua eta kontratazioa, eta azkenik, langabezia. Txostena osagarritzen duten 3 eranskin daude. Bertan, kapitulu desberdinetan jorratzen diren gaiak lurralde ikuspegitik lantzen dira.

Gaindegiatik, sintesi honek, eragile ekonomiko eta sozialei gure egoeraren ezagutzan lagundu eta gure herriaren geroaz gogoeta egiteko nahikoa ezagutza eskaintzea nahiko  genuke, are gehiago, etengabeko aldaketa bizitzen ari den inguru global honetan eta bizi dugun krisiaren erdian.  Euskal Herriko errealitate konplexu eta askotarikoa ulertzen laguntzea da argitalpen honen xedea.