Skip to main content

Ipar eta Hego EH arteko arrakala gaixotasun-osasunerako gastuan

COVID-19aren pandemiak Euskal Herrian eta mundu osoan eragin duen ezohiko errealitateak agerian utzi du kohesio sozialeko eta zaintzarako mekanismoek gizarte osoarentzat duten garrantzia. Bidasoa ibaiaren bi aldeetan ezarritako osasun-larrialdi egoerak norbanako bakoitzak komunitate oso baten ongizatearen eraikuntzan duen garrantzia agerian utzi du. Une erabakigarria eta tentsio handikoa da osasun-sistementzat. Euskal Herrian osasungintza sistemen indarguneak eta ahuleziak patxadaz aztertzeko aukera izango da aurrerago ere, baina dagoeneko marrazten ari den COVID-19 osteko agertokiak gizarte-babeseko sistemak tentsioan jarri eta jarriko ditu, bere jarduera-eremu guztietan.

Ingurumari honetan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ariketa garrantzitsua da Euskal Herrian indarrean diren gizarte-babes sistemei neurria hartzea. Gizarte-Babeserako Estatistika Integratuen Europako Sistemak (GBEIES)  Europako herrialdeen arteko alderaketa ahalbidetzen du eta babes sozialeko gastua zortzi funtzioen arabera sailkatzen du:

  1. Gaixotasuna / Osasun-atentzioa
  2. Elbarritasuna
  3. Zahartzaroa
  4. Umezurtz-alarguntasuna
  5. Familia eta seme-alabak
  6. Langabezia
  7. Etxebizitza
  8. Gizarte-bazterkeria

Egungo osasun larrialdi egoera gaixotasun eta osasun-atentzioaren funtzioko gastua Europako testuinguruan aztertzeko une egokia da. Euskal Herrian funtzio horretara bideratutako gastua BPGren %6,4koa da. Ipar Euskal Herriak Frantziako gastu-maila bera duelaren hipotesia ontzat emanez, gaixotasun eta osasun-atentziora bideratutako gastua handiagoa da Ipar Euskal Herrian (%9,1) Hego Euskal Herrian (%6,2) baino.

Euskal Herrian gaixotasun/osasun-atentzioari bideraturiko gastua Espainia (%6,1) eta Italiaren (%6,5) parekoa da, baina Europar Batasunekoa (%7,8) eta erreferentziazko beste lurraldeena baino apalagoa. Hego Euskal Herriko administrazioek, beraz, Ipar Euskal Herrira begira dezakete eta handik ikasi. Are gehiago, Europako Batasunaren baitako muga administratiboa izanda, politikak harmonizatu eta gizarte babeseko eremu lankidea osatze aldera.

Etiketa orokorrak