Immigrazioa eta lan merkatua: gure gizarte ereduaren sostengu merkea

Immigrazioa eta lan merkatuari erabat lotuta dauden bi kontzeptu dira, horrela Estatu espainiarrean zein Euskal Autonomi Erkidegoan –EAE hemendik aurrera- edota Nafarroan azken urte hauetan eman diren migrazio fluxu handiak uztarturik agertzen zaizkigu krisi aurreko egoera ekonomiko eta lan-merkatuaren beharrei. Noski, Estatuan garai honetan eman zen garapen ekonomikoaren parte garrantzitsua etorkinek sorrarazia izan da.

Honi lotuta, azken urteetan emandako migrazio fluxu hauek erabat ordenatuak izan dira, ez dira anabasean edo kasualitatean oinarritu eta zonalde jakin batek zituen lan-beharren arabera egokitu dira etorkinen finkapenak, hauen kopuruak, adina, edota sexu bat edo bestearen nagusitasunak. Aztiarena eginez, leku batean nagusi den sektore ekonomikoaren arabera asmatu dezakegu zonalde horretan dagoen etorkin kopurua, euren jatorria eta gizon eta emakumeen artean zeintzuk diren gehiago.

Aldiberean aipagarria da etorkin gehienentzat enplegua izan dela integrazioaren ardatza eta integraziorako atea, krisia ailegatu baino lehen gutxienez. Integrazio prozesu hau nahiko era espontaneo eta automatikoan suertatu delarik. Krisiarekin batera eredu honen ahulezi eta gabeziak azaleratu dira eta era nabarmenean etorkin eta bertakoen arteko aldeak areagotu egin dira azken urte hauetan: langabezi edota okupazio tasak honen islada dira.

Etorkinentzako lan-esparru nagusienak nekazaritzan, eraikuntzan, turismo eta hosteleritza eta etxeko lan eta zainketa pertsonaletan kokatu dira eta hauen arabera arautu migrazio-fluxuak. Sektore hauek era konbinatuan ekonomian garrantzia duten zonaldeetan atzerritarren kopurua handia da eta besteetan aldiz, mugatuagoa.

Horren islada dira, esaterako, Nafarroa eta EAEren artean ematen diren ezberdintasunak etorkinen kopuruari dagokionez. Nafarroan eta nagusiki nekazaritzak bere hegoalden duen garrantziagatik atzerritarren ehunekoa EAEn baino handiagoa da, ondorengo taulan ikusi daitekeen moduan.

EAEren kasuan, atzerritar kopurua ez da oso handia eta Estatu mailan ehuneko baxuenen artean kokatzen da. Bai nekazaritzak, zein eraikuntza edota turismoak ez dute eragin handirik EAEko Barne Produktu Gordinean eta industriaren indarrak eta bertan etorkinek enplegu bat lortzeko dituzten zailtasunek eragotzi egiten dute hauen kopurua handiagoa izaten. Era berean, krisiarekin batera etorkinen euskal lan merkatuaren ezaugarriak lehen baino era argiagoan nabarmentzen dira. Lehen aipatu bezala, euskal lan merkatuak ez ditu aukera gehiegirik eskaintzen etorkinentzako, bere egitura arautua eta industriaren garrantziagatik.

Gurean lan-sektore garrantzitsuena eurentzat etxeko lanak eta zainketa pertsonalak dira. Horrela izanik ez da harritzekoa EAEn dauden etorkinen artean latinoamerikarrak gehiengoa izatea eta emakume gehiago izatea (%51,6), boliviarren artean emakumeen kopurua %58,3ra ailegatzen da.

Zehazki, EAEn etxeko lanetan populazio atzerritar okupatuaren %21,3ak lan egiten du, EAEKo etorkin populazioarentzat sektore garrantzitsuena izanik, hosteleritza (%16,8) edota eraikuntzaren aurretik (%14,2). Emakume okupatuen artean ia %40ak lan egiten du sektore honetan (%38,5) eta emakume latinoamerikarren kasuan ehuneko hau altuagoa da oraindik, %78,5 paraguayarren artean eta %69,4 boliviarren artean.

Lan-sektore honen garrantziak datu interesgarriak jartzen ditu mahai gainean. Etorkin guztien artean dauden okupazio tasa handienak etxeko lanetan diharduten emakume latinoamerikarren artean ematen dira. Emakume paraguayarrena %75koa da eta boliviarrena %72,6koa, beste jatorrietako gizon zein emakumeen okupazio tasak baino altuagoak gizon txinatarrena salbu (%85,7).

Honi lotuta aipagarria da ere emakume hauek pairatzen dituztenen lan-baldintza kaskarrak, adibidez kontratu ez izatea. Emakume paraguayarren artean %39ak ez du lan kontraturik eta boliviarren artean ehunekoa 28,3koa da. Beste era batera esanda, euskal lan merkatuak erakusten duen paradoxa honako hau da: Emakume etorkinentzako lan-aukera gehiago daude baina lan baldintza okerragoetan. Ondorio hau orokortuz, nolabait ere etorkinei eskaintzen zaizkien aukerak behin-behinekotasunean oinarritzen da.

Deskribapen honetatik eratortzen den euskal migrazio eredua oso lotuta agertzen zaigu euskal gizartearen ezaugarriekin eta nolabait bertan sortzen diren hutsune edota zuloak betetzera dator zuzen-zuzenean. Gure gizartean ongizate maila altua ematen da, beste faktoreen artean, gure egitura politiko eta sozio-ekonomikoengatik. Ongizate hori bertakoentzat da nagusi eta etorkinen sostenguan oinarritzen da. Errealitate hau jada gaur egun ematen da eta tendentzia hau etorkizunean areagotu baino ez dela egingo pentsa dezakegu.

Gure gizartea gero eta zaharkituagoa dago, jaiotza tasa baxua da eta egoera demografiko honek gabezi eta erronka handiak planteatzen ditu epe ertain zein luzera, gutxienez gaur egun dugun ongizate maila mantendu nahi badugu. Era berean bertako emakumearen lan-merkaturatzeak ere gizarte erronka berriak planteatu ditu gure gizarte-egiturarentzako. Momentu hauetan dependentzia edota kontziliazioari buruzko gabeziei emakume etorkin baten bidez erantzun ari zaio. Nolabait ere emakume etorkina da bertakoen ongizate-maila mantentzeko garatzen ari den estrategia nagusiena, bertan agertzen diren hutsuneak betetzen dituelako. Hori bai, eskaintzen zaizkion lan-baldintzak txarrak izanik.

Guzti honek hainbat galdera planteatzen ditu. Izan ere datorren eredua honako hauxe izango litzateke: gehiengo (bertako) baten ongizatea bermatzeko gutxiengo (etorkin) baten zapalketa eta zaurgarritasunaren hazkundea. Beste hitzetan esanda, etorkinek gurera etorri nahi badute jakin beharko dute gure azpian eta guri zerbitzuak eskaintzera etorriko direla. Ikusten denez ezberdintasunean oinarritutako eredu asimetriko batean aurrean egongo ginateke.

Honekin bukatzeko, esan beharra daukat ez naizela batere baikorra eta ez zaidala batere harrigarria egiten EAErako deskribatu dugun eszenatoki hau Europarako bide-erakusle bat izatea eta hauxe izatea etorkizunean garatuko den gizarte eredua: Ongizate Estatu ahul baten existentziarekin batera gero eta gehiago ongizatea bermatzeko zerbitzu informalen garapena ematea eta azken honetan etorkinek zeresan handia izatea, bai gurean baina baita ere lurralde garatu gehienetan.