Skip to main content

Internazionalizazioak gora egin du 2014an

Nazioarteko salerosketak Euskal Herriko ekonomiaren funtsezko elementua dira, eta areago, salmenten kasuan, enpresa askoren biziraupenerako ezinbesteko zutabe. Azken urteotan Euskal Herrian tradizio eta balio erantsi handiena duten esportazioen helmugak aldatzen ari dira, eta esportatzen ditugun ondasun eta zerbitzuetan ere joera berriak atzematen dira. Besteen artean nabarmenduz industria eraldatzailearen alorrean tradizioa luzea da gurean, baina azken bi hamarkadetan esportazioak nabarmen bizkortu dira oro har. Gainera, 2008an hasi zen krisiaren testuinguruan, lehendik ere atzerrira begira lan egiten zuten enpresa askoren sustengua bihurtu dira esportazioak, bai eta koiunturak bultzatuta behin betiko kanpora irtetea erabaki duten beste askoren irtenbidea ere. Gaindegiak "Esportazioak Euskal Herrian" txosten honetan bildu ditu azken urteotako zenbait datu eta joera.

 

Txostena: 

[[nid:17120]]


esportazioak grafikoa1[LABURPENA]

Euskal Herriko nazioarteko esportazioek (Hego EHk Espainiako Estatura eta Ipar EHk Frantziakora egindakoak ez dira sartzen hemen) 30.717,2 milioi euroko balioa izan zuten 2014an. Duela hogei urte halako hiru baino gehiago da zifra hori, 1995etik hona izan duten bultzadaren erakusle. Batez ere Hego Euskal Herriko herrialdeetatik etorri da hazkunde hori, eta bereziki nabarmentzekoa da Bizkaiaren gorakada, bere esportazioan balioa 3,8 aldiz biderkatzeraino. Ipar Euskal Herrian ere ia bikoiztu egin dira esportazioak 1995etik 2014ra, baina kontuan izan behar da kasu honetan askoz ere zifra txikiagoak dituztela eskuartean: Lapurdin eta batez ere Nafarroa Garaian eta Zuberoan, tokiko ekonomiak zein Frantziako estaturako esportazioek hartzen dute salerosketaren gehiengoa. 

 

Zer esportatzen dugu?

Bukatutako produktuak baino gehiago, bitarteko ondasunak eta makineria dira gurean nagusi. Neurtzeko unitate gisa euroak hartuta, esportazio guztien %34a ekipo ondasunetatik etorri zen, eta batez ere makina erremintatik. Erdi-manufakturek %24a ekarri zuten, nagusiki burdinaren eta altzairuaren alorretik. Automobilgintza (ibilgailuak zein haien osagaiak) izan zen hirugarren adar esportatzaile nagusia, %22a hartuta. Hiru alor horiek izan dira beti gure nazioarteko salmenten mamia, baina badira gero eta garrantzi handiagoa duten bi adar ere: produktu energetikoak (%9) eta elikagaiak (%6). Biek ala biek hazkunde nabarmena izan dute azken urteotan, eta produktu energetikoen kasuan, Hego Euskal Herriko esportazioak 2007an halako bi dira gaur egun. 

Ipar Euskal Herrirako, adarren araberako datu zehatzik ez dute ematen Frantziako estatistika erakundeek. Pirinio Atlantikoetako datuak badaude, ordea, eta horien arabera, esportazioen %15 oinarrizko kimika produktuetatik etorri zen 2014an, %13 siderurgiatik, %11 laborantzatik eta %9 aeronautikatik. Erreferentzia moduan, kontuan izan behar da Bokalen egoitza duen CELSA (siderurgia), Donibane Lohizuneko Na Pali-Quicksilver (surfa) eta Bidarten ordezkaritza duen Turbomeca (aeronautika) direla Ipar Euskal Herriko enpresa esportatzaile nagusiak, Akitaniako Merkataritza Ganberak emandako 2012ko datuen arabera.

 

esportazioak grafikoa2Nora esportatzen dugu?

Krisiaz geroztik Espainiako Estaturanzko esportazioak oso nabarmen jaitsi dira (ia erdira 2007tik 2012ra) Hego Euskal Herrian, estatutik kanporanzkoak hazi diren bitartean. Oraindik ere Ebrotik behera dago Hego Euskal Herriko enpresen plaza nagusia, baina krisiak han gogor jo duela ikusirik, erosleak beste estatu batzuetan bilatu behar dituztela ikusi dute gure konpainiek ezinbestean. Beste ohiko plazek pisu handia dute oraindik ere: Frantzia, Alemania, AEB, Erresuma Batua eta Italiaren arteko baturatik dator bertatik esportatzen denaren balioaren erdia. Oro har, ohiko merkatu horietara bideratutako esportazioek hazten jarraitu dute 2007tik; Italiakoak salbu, %12,5 jaitsi baitira. 

Bilakaera datuetan antzematen da, baina, merkatu tradizionalen hegemonia apurtzen hasia dela. Europako estatu gehientsuenetara bideratutako esportazioak polikiago hazi dira 2007tik, beste helmuga berri eta ez hain berrietara zuzendutakoak baino. Funtsean, Hegoamerikatik eta Asiatik etorri dira igoera nagusiak. Esaterako, Asiako herrialde industrializatu berrietan egindako salmentak izugarri hazi dira krisia hasi zenetik: Singapurren boskoiztu baino gehiago egin dira, eta Hego Korean bikoiztu baino gehiago. Singapurren, gainera, hazten ari den eta gurean hain tradizionala ez den produktu energetikoen alorretik etorri da igoera: sektore horri zegokion hara bideratutako esportazioen %70a. Beste hainbeste gertatu da Herbeherekin, hazkunde nabarmena izan duen Europako helmuga bakanetako bat izaki: 2014an Hego Euskal Herriak bertara esportatutakoaren erdia baino gehiago izan ziren produktu energetikoak, 2013an halako bi. Txinarako esportazioek, bestalde, hazten jarraitu dute, batez ere ekipo ondasunei esker. Sektore hori da nagusi, era berean, Hego Amerika eta Ertamerikara bideratutako esportazioetan, bai eta Ekialde Hurbilean eta BRICS delakoetan ere. Automobilgintzaren sektoreko bezero nagusiak, aldiz, Europan daude.  

 

Dibertsifikazioa da gakoa

Hori horrela, Euskal Herrian tradizio eta balio erantsi handiena duten esportazioen helmugak aldatzen ari dira. Historikoki erosle izan diren merkatuak ez dira aski jada, eta dibertsifikazioa ezinbestekoa da, horrenbestez: enpresek jomuga izan behar dituzten herrialdeei dagokienez, zein saldu beharko lituzketen produktuei dagokienez. Euskal enpresek erosotasunari ihes egin behar diote, eta Frantziako eta Espainiako estatuetako zein, oro har, Europako merkatuekiko menpekotasuna saihestu. Zurrunbilo horren erdian, atentzioa erakartzeko estrategia gisa, funtsezko pieza izan liteke Euskal Herria markaren balizko garapena. Bai eta Nafarroa Garaia eta EAEren arteko nahiz Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko elkarlana sendotzea ere. 

[Elkarrizketa] Euskal esportazioak, egoera eta erronkak (Imanol Esnaola Bilbo Hiria irratian)