Skip to main content

Energia menpekotasunak guztiz baldintzatu ditu Euskal Herriko inportazioak

Euskal Herriak  merkataritza fluxuen saldo positiboa du esportatzen duenak  inportatzen duenak bainobalio handiagoa baitu. Hala ere, sektore batzuetan -energiarenean batez ere- menpekotasun ikaragarria dugu kanpo hornitzaileekiko.

2014an, Euskal Herrirako inportazioek 40.000 milioi eurotik gorako balioa izan zuten guztira, Barne Produktu Gordinaren %44,4. Zifra hori duela hogei urtekoa halako bi da, baina krisiaren hasierakoa baino txikiagoa. Izan ere, azken urteotan inportazioen pisuaren bilakaera oso irregularra izan da, besteak beste, euroaren balioak eta petrolioaren prezioak eduki dituzten gorabeheren eraginez.

Euskal Herriak inportazioekiko duen menpekotasuna Europar Batasuneko batez bestekoaren antzerakoa da. Gainera, normalean, Europako estatu txikienetan dute inportazioek pisua handiena, bertako BPGarekin alderatuta. Multzo horretan daude, adibidez, Luxenburgo, Belgika, Herbehereak eta Danimarka. Norvegia da salbuespena: bost milioi biztanle baino gutxiagoko estatu hau petrolioaren jabe da, eta baliabide hori etxean izateak izugarri jaisten du inportazioekiko menpekotasuna. Euskal Herria erdibidean kokatzen da, Alemania bezalako estatuen bueltan: industria tradizioa duten herrialdeak, horrek martxan jarrai dezan energia asko inportatu behar dutenak.

Hego Euskal Herrian, produktu energetikoek osatzen dute, inportatzen denaren balioaren ia herena, eta ia guztia petrolioa da, sektore horren barruan. Erdi-manufakturatik, ekipo ondasunetatik eta automobilgintzatik etorritako inportazioek ere badute pisua. Elikagaiak ez daude inportatutako produktu nagusien zerrendan, baina oro har, Hego Euskal Herriak saldo negatiboa du alor horretan, gehiago baitira inportatzen dituen elikagaiak esportatzen dituenak baino. Horrelako auziak oso kontuz aztertzekoak dira: sarritan, etxean egon badagoena inportatzen dugu urrutiko herrialdeetatik, merkeagoa den aitzakiatan.

Ipar Euskal Herrirako datu zehatzik ez edukita ere, Pirinio Atlantikoei dagokienez, oinarrizko produktu kimikoak inportatzen dituzte gehien (209 milioi euro 2014an), eta jarraian, aeronautika (139), makinak eta ekipamenduak (136), laborantza (132) eta material elektrikoari (80) lotutako produktuak.

Esportazioekin gertatu bezala, Hego Euskal Herriko inportazioen erdia herrialde gutxi batzuen esku geratzen da, baina batez ere krisia hasi zenetik, hornitzaileak gero eta anitzagoak dira. Hori horrela, une honetan Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Errusia, Txina eta Italia dira Hego EHko inportatzaile nagusiak, baina 2007tik 2014ra, estatu horien artean, Erresuma Batuak baino ez du egin gora, besteetan gainbehera nabarmena izan den bitartean. Neurri handi batean produktu energetikoei lotutako gorabeherak izan dira: Erresuma Batutik (Eskoziatik) etorritako produktu horien hazkundea gertatu da, ia Errusiakoak jaitsi diren neurri berean.

   

Gorabidean dauden Hego Euskal Herriko hornitzaileei dagokienez, gehienak produktu energetikoen bitartez ari dira hazten gure merkatuan. Horixe da, besteak beste, Mexiko, Kolonbia, Norvegia eta Libiaren kasua. Europar Batasuneko herrialde gehientsuenak bezala, Euskal Herria ere inportazioak dibertsifikatzen ari da energiaren alorrean, ohiko merkatuekiko menpekotasun handiegiak (Errusia) saihestearren, bai eta prezio merkeagoak bilatzearren ere. Dena dela, energiaren alorrean zein beste askotan, burujabetza eta gertuko ekonomiaranzko urratsak egitea izan daiteke inportazioekiko menpekotasun handiegiak galarazteko modu eraginkorrena.