Skip to main content

Manufaktura-industriaren pisua gutxitzen

Euskal ekonomiak nortasun industrial handia du baina aspaldian ahultzen ari den ezaugarria da. 2009 urtean bezala, osasun larrialdiaren testuinguru ekonomikoak indar handiagoz kaltetu ditu industria jarduerak gainontzekoak baino.

Euskal ekonomiak nortasun industrial handia du baina aspaldian ahultzen ari den ezaugarria da. 2020 urtean, atzeraldi ekonomiko orokorraren testuinguruan, jarduera-adar guztietan sorturiko ondasun-maila urtebete lehenago baino apalagoa izan da. Edonola ere, sektore ekonomiko guztiek ez dituzte osasun larrialdiaren ondorioak modu berean nozitu. Jarduera-adar nagusien artean industriak, bereziki manufakturakoak ez diren jarduerek (erauzteko jarduerek), izan dute atzeraldi ekonomiko handiena.

Gutxi dira 2009ko eta 2020ko ingurumariaren arteko antzekotasunak. Krisi egoeraren pizgarriak desberdinak izan dira erabat, baina kasu bietan industriak nozitu du sektore ekonomikoen artean atzeraldi handiena. 2020 urtean ekonomiaren atzeraldi orokorra 2009koa baino 2,5 bider handiagoa izan zen Euskal Herrian, baina 2009 urtean industria sektoreak pairaturikoaren modukorik ez zen 2020an gertatu. Krisi ekonomikoek epe motzeko atzeraldia eragin ezezik, egitura ekonomikoa sakonki eraldatzeko gaitasuna izan ohi dute, horregatik arreta berezia merezi du egun.

2009 urtean industriak ekonomian galdutako pisua ez du berreskuratu

Zehazteke daude osasun larrialdia eta gero munduko ekonomian nagusituko diren joerak eta horien ondorioak Euskal Herrian. Aspaldidanik manufaktura-industrian gero eta jarduera gehiagok dute Asia ardatz eta, 2009tik aurrerako krisi testuinguruan, horietako asko ahuldu edo desagertu ziren Euskal Herrian. Hala, manufaktura-industriaren pisua ekonomian %23,7 izatetik (2008), bi urte eta gero %21,6 izatera igaro zen. Parametro horietan mantendu da gutxi gora behera 2020 urtea iritsi arte. Nolanahi ere, aldaketa urrunetik dator: 2000 urtean manufaktura-industriaren pisua Euskal Herriko ekonomiaren %27,8 osatzen zuen.

Manufaktura-industria alde batera, Euskal Herriko egitura ekonomikoan zerbitzuek osatu zuten 2020 urtean balio erantsiaren %68,9. Eraikuntza sektoreak balio erantsiaren %6,2 sortu zuen 2007 urtean, higiezinen burbuilaren testuinguruan, goia jo eta gero (%10,2). Lehen sektoreak, aldiz, balio erantsiaren %1,5 sortu zuen (2020).

Manufaktura-industriaren ardatz nagusiak erdialdetik ekialdera zeharkatzen du Europa

Manufaktura-industriak Alemaniako ekonomian Euskal Herrikoaren pareko proportzioa du, baina aise handiagoa du Irlandan, Txekian edo Eslovenian. Europar Batasunean (27), aldiz, manufaktura-industriaren pisua apalagoa da (%16,2). Alemaniatik hasita Europako erdialdetik ekialdera doan manufaktura-industriaren ardatza handia da, estatu azpiko lurraldeei begiratuz gero. Azken bi hamarkadetan Bulgaria, Polonia, Txekia edota Hungariako zenbait erregiok manufaktura-industriaren jarduera handitu egin dute. Euskal Herrian nagusitu den kontrako joera, hain zuzen ere.

Gauzak horrela, Europa erdialdetik ekialderuntz doan manufaktura-industriaren ardatza garrantzitsua da. Ardatz horretan, nabarmentzekoak dira Alemaniako Baden-Württemberg, Bayern edo Niedersachsen, Txekiako Strední Cechy, Severovýchod, Strední Morava, Austriako Westösterreich eta Südösterreich edo Poloniako ipar-mendebaldeko makroerregioan eta hego-mendebaldeko makroerregioan.

Etiketa orokorrak