Skip to main content

Lurraldean andreen presentzia desorekatzen duen antolamendua

Euskal Herrian 1.626.800 emakume bizi dira, edo, beste era batera esanda, euskal herritarren %51,3 emakumeak dira. Ohikoa da horien proportzioa gizonezkoena baino zertxobait handiagoa izatea, eta hala gertatzen da Europako herri gehienetan ere. Halaber, zahartze demografikoak norabide horretan bultza egiten du, 50 urtetik gorako belaunaldietan emakumeen presentzia handiagoa baita, eta, gainera, adinean aurrera egin ahala nabarmenagoa da horien nagusitasuna.

Ikusi mapa handiagoa

Emakumezkoen presentzia indartsua da Euskal Herrian, baina ez euskal geografiaren luze-zabal osoan. Izan ere, proportzio hori aldakorra da lurralde batetik bestera: euskal hiriguneetan herritarren %52,2 andreak dira. Landa-eremuan, aldiz, %49,1. Desoreka horiek adinean aurrera egin ahala egituratzen dira: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzeko adinean dago lehen inflexio puntua, eta desoreka hori areagotu egiten da goi-formazioak iraun bitartean. Goi-formaziorako adina amaitzean landa-eremua utzitako andre gutxi batzuk sorterrira itzultzen dira; aldiz, laneratze adinean hiriguneetara jotzeko joera handiagoa dute emakumeek. Hala, 65 urteen bueltan emakumezkoen gabeziak goia jotzen du eta hortik aurrera leuntzen hasten da. Bitarteko hiriguneek gaitasuna dute landa-eremuko emakumezkoak bereganatzeko 20-24 eta 35-39 adin tarteetan batez ere, baina, oro har, emakumezkoak galtzeko joera berdina pairatzen dute, landa-eremuan baino modu arinagoan bada ere.

Euskal geografiari eskualde mailatik begiratuta, 30-64 urte bitarteko emakumezkoen gabezia nabarmena da, esate baterako, Pirinioetan, non soilik herritarren %41,9a diren andreak. Egoera antzekoa da Arabako Mendialdean (%42,4), Trebiñun (%42,8), Arabako Ibarretan (%43,1), Aurrepirinioetan (%43,8) edota Zangozaldean (%45,9), baina ez dira emakumeen gabezia pairatzen duten eskualde bakarrak. Ostera, Euskal Kostaldea-Aturrin, Hego Lapurdin, Iruñerrian, Bilbo Handian edo Donostialdean emakumeen proportzioa gizonezkoena baino handiagoa da. Andreen presentzian eragiten duten faktore ez-naturalak askotarikoak dira. Lan merkatua errealitate horren funtsezko elementua da. Emakumeen eta gizonen arteko arrakala handiena bi lurralde tipologiatan ematen da:

Nortasun industrial handiko eremuak

Industria nortasun handiko eremuetan andre-gizonen arteko jarduera mailaren diferentzia oso da handia, ehun produktiboan jarduera maskulinizatuak nagusi direlako. Industria nortasun handiko eremuetan emakumeek pairatzen duten langabezia maila gizonezkoena baino askoz handiagoa izateaz gain, andre-gizonen arteko errenta arrakala ere handiagoa da. Tipologia honetako zonaldeetan 30-64 urte bitarteko emakumeen gabezia nabaria da, adibidez, ondorengo eskualdeetan: Durangaldea, Goierri, Zangozaldea, Larraun–Leitzaran, Sakana, Goi Erribera, Errioxa Arabarra edota Lea Artibai.

Landa eremuak

Landa-eremuan ere desoreka garrantzitsuak daude errotuta lan esparru formalean. Lehen sektorearen presentzia handia den guneetan emakumeen laneratzea apala da eta despopulazioan murgilduta dauden eremuetan ehun ekonomikoa ahula da. Hori dela eta, lurralde hauetan autonomo gisa jardutea da aterabide nagusietako bat, baina Euskal Herrian autonomoen heren bat soilik dira andreak. Nekazaritza erregimenean aritzen direnen artean, ordea, emakumeen presentzia are apalagoa da (%17koa).

Ingurumari honetan kokatu beharra dago emakumeen errenta gizonezkoena baino askoz apalagoa izatea. Nahiz eta Nafarroa Garaiko hegoaldea salbuespena izan (Erriberan eta Goi Erriberan). Izan ere, lehen sektorean kualifikazio gabeko laneskua diren atzerriko gizonezkoen presentziak errentaren gaineko genero arrakala leuntzen du. Lurralde tipologia honen baitan daude Pirinioak, Arabako Mendialdea, Trebiñu edota Aurrepirinioak, hain zuzen ere, 30-65 urteko emakumezkoen gabezia handiena duten lurraldeak.

Lan informalari buruzko lurralde argazkia egiteko datu gabezia aintzat hartuta, oinarrizko ondorio bat azpimarratu beharra dago: landa eremuetan gertatzen ari den emakumezkoen emigrazioak lan esparru formalean egituraturiko berdintasun ezari erantzuten dio. Ekonomia produktibo zaharrean ardazturiko genero dualtasuna, hau da, gizona lan esparru formalera eta emakumea etxeko lanetara bultzatzen duen logika produktibo zaharra indarrean duten lurralde eremuek emakumezkoen galera nozitzen dute. Andreen gabezia nabarmenagoa landa-eremuari loturiko ekonomia duten eremuetan industriari loturikoetan baino.

 

Ekonomia produktibo berriagoak zerbitzuen bueltan egituratzen dira eta emakumezkoen laneratzea errazten dute, baina ez dira berdintasunaren berme. Beraz, bai landa-eremuan, baita hiriguneetan ere, genero berdintasuna urrun dago Euskal Herrian, batean zein bestean emakumeek pairatzen duten bereizkeria oraindik ere nagusi delako. Agerikoa da inon ez dela aukera berdintasuna lortu, baina are gutxiago hiriguneetatik kanpo (landa guneetan zein zonalde industrialetan), eta horrek lurralde orekaren zein kohesio sozialaren ahultzea dakar. Egun indarrean dauden lurralde egitasmoek gizon eta emakumeen artean ezarritako desberdintasun sozioekonomikoak indartzen jarraitzen dute, nahiz eta modu bertsuan bizi Irisarrin edo Angelun, Berriatuan edo Getxon, Funesen edo Iruñean.

Etiketa orokorrak