Biztanleria nabarmen hazi da eta lurraldean metatzeko joerari eutsi dio

Egunotan biztanleria datu berriak argitaratu dituzte estatistika erakundeek, urte hasieran ohikoa duten moduan. Azken datuen arabera Euskal Herriak 3.170.891 biztanle ditu (2019/01/01), eta azken urtean hamarkadako biztanleriaren hazkunde handiena izan du (+%0,59). Horrela, urtebete lehenago baino 18.673 biztanle gehiago ditu. Herrialde guztiek irabazi dute biztanleria Zuberoak izan ezik. Populazioaren %82,6ak hiriguneetan eta bitarteko hiriguneetan du bizilekua. Bestela esanda, biztanleriaren %82,6a lurraldearen %15,1ean bizi da.


Ikusi mapa handiagoa

Azken urteotan Euskal Herriko hazkunde demografikoa indartzen ari da. Ipar Euskal Herriak 2020 urtean zehar 310.000 biztanleen langa gaindituko du. Azken bi urteotan indar bereziarekin hazi bada ere, hazkunde erritmo bizia aspaldikoa du. INSEEko datu ofizialen arabera (2020) Ipar Euskal Herrian 309.673 herritarrek dute bizilekua. Halaber, 2019an Hego Euskal Herriak biztanleria bolumena handitu egin du (+15.346)[1]. Izan ere, INEk aurreikusitakoaren kontra, 2012/15 epealdiko Hego Euskal Herriko biztanleriaren galera murritzaren ondoren jaiotza tasa apala eta zahartzearen ondoriozko heriotza tasa altua izan arren laugarren urtez egin du gora herritarren bolumenak, Espainiar estatutik kanpo jaiotako etorkin fluxuei esker. Alde horretatik, euskal herritarren jatorri aniztasuna handitzen ari da (ikus 2019/06/27ko prentsa oharra: “Euskal Herria, harrera herri bat, bi errealitate”).

biztanleria banaketa urbanizazio mailaren arabera

Joera nagusiak alde batera, lurralde mailako joerei erreparatzea lagungarri izan daiteke etorkizuneko Euskal Herria egituratu dezaketen zenbait fenomeno ulertzeko. Egun euskal herritarren %55,3a hiriguneetan eta %27,3a bitarteko hiriguneetan bizi da. Gainontzeko %17,4a, aldiz, landa eremuan bizi da. Horrela ondorioztatzen da lurraldea hirutan banatzen duen (hirigunea, bitarteko hirigunea eta landa eremua) Europako Batasunaren azken DEGURBA sailkapenari so. 2019 urtean hiru eremuek herritarrak bereganatu arren, azken bi urteetan hiriguneen hazkunde demografikoa berrindartu egin da. Hirigune eta bitarteko hiriguneen pisuagatik Euskal Herriak Herbeheretakoaren antzeko lurralde egitura du, kasu bietan, biztanleriaren %17-18ak baino ez du bizilekua landa eremuan. Munduan ez dira asko antzerako populazioaren geografia duten herrialdeak.

biztanleria handieneko eskualdeak

Nafarroa Garaiko mapa lokal berria indarrean denetik Euskal Herria 47 eskualde nagusitan banatzen da. Azken urtean biztanle kopuruak behera egin du horietatik hamar eskualdetan, bereziki Pirinioetan (-%2,3), Arabako Mendialdean (-%0,4) edota Xiberoan (-%0,3). Bitartean, Salbaterraldeak edota Hazparneko lurraldeak biztanle kopurua emendatu dute. Unean uneko joerez harago, azken hamarkadako biztanleriaren bilakaerak euskal geografiaren desoreka garrantzitsuak marrazten ditu.

biztanleria handieneko eskualdeak

  1. Ipar Euskal Herriko kostan populazio hazkundeak bere horretan jarraitzen du, bere hedadura kostatik gero eta barnealderago gorpuztuz: Errobi Aturri, Bidaxune, Hazparne, Errobi eta Hego Lapurdiko populazioa Euskal Kostaldea-Aturrikoa (+%6a 2009/19 epean) baino gehiago hazi da. Bien bitartean, Xiberoak lehen mundu gerraz geroztiko despopulazioan murgilduta jarraitzen du, azken hamarkadan biztanleriaren %4,6a galtzeraino. Xiberoaren bidetik, Salbaterraldeak eta Oloroealdeak ere biztanleria galdu dute 2009/19 epean.
  2. Nafarroako Pirinioetako datuak egoera larria marrazten ari dira, azken hamarkadan biztanleen %14,2a galdu eta gero. Zangozaldea, Erdialdea eta Jurramendi eskualdeen biztanleria galerek ere lurralde gabeziak uzten dituzte agerian. Ez dira Nafarroa Garaian biztanleria galdu duten eskualde bakarrak, Lizarraldeko Erriberak, Izarbeibarrek, Sakanak, Bidasoak, Goi Erriberak eta Larraun-Leitzaranek ere biztanleria galdu baitute, apalki bada ere. Bitartean, Arga eskualdearen (Iruñerria + Haranak) herritarrak metatzeko gaitasuna indarberritzen ari da. Aurrepirinioek ere handitu egin dute biztanleria oro har, baina eskualdearen iparraldean biztanleria galera nabarmena da. Erriberak ere bolumenari eutsi dio.
  3. Araba hegoaldeko eskualdeak populazioa eutsi ezinik dabiltza. Arabako Mendialdea despopulazioaren ikur bihurtu da eta 2009/19 epealdian bertako biztanleria %9,0a gutxitu da. Trebiñuren despopulazioak indar apalagoa du, baina halere biztanleria galera indartsua da (-%5,8). Errioxa Arabarreko herritarren bolumenak ere apaltzeko joera adierazi du (-%0,8), etorkin fluxu esanguratsua bereganatu arren. Arabako Lautada (+%6,9) eta Gorbeia Inguruak (+%4,7) herrialdeko hazkunde demografikoan buru dira.
  4. Bizkaian Lea-Artibaik herritarren galera murritza baina egonkorra du aspalditik, eta hala izan da azken hamarkadan ere (-%2,3). Bilbo Handiak ere herritarrak galdu ditu azken hamarkadan (-%1,2), nahiz eta azken biurtekoan joera horri buelta ematen hasia den. Ostera, Plentzia-Mungiak (+%11), Arratia-Nerbioik (+%3,6), Durangaldeak (+%3,2) eta Enkartazioek (+%2,8) biztanleria kopurua handitu egin dute.

 

  • Euskal Herriko eskualde bakoitzari buruzko diagnostiko xeheagoa nahi izanez gero, egin klik hemen.

 

1: Gaur gaurkoz, Hego EHrako azken datuak 2019 urteari dagozkio, eta Ipar EHkoak, 2020 urteari.

 

AttachmentTamaño
PDF icon Biztanleria-2009-2019332.62 KB