Euskal Herria Europako testuinguruan: ekonomia eraginkorra, erronka sozioekonomikoen atarian

Ekonomia eraginkorra, erronka sozioekonomikoen atarian

Euskal Herriak etorkin fluxu berriei esker biztanleria galerarik ez badu ere, herritarren zahartze demografikoa aurrera doa, eta, besteak beste, nabarmena da jaiotzen gutxitzea. Bitartean, euskal ekonomian aro berri bat sendotzen ari den arren, 2018 urtean ekonomia-hazkundea indarra galtzen hasia dela baieztatu da. Egoera honetan ikusteko dago Euskal Ekonomiak azken urteotan bezain indartsu esportatzen jarraituko duen. Halaber, herritarren lan-jarduera gero eta handiagoa da eta langabeziaren itzala, aldiz, gero eta txikiagoa. Halere, I+G zein babes sozialera bideratutako gastu-maila erreferentziazko lurraldeetatik urrun dago. Pobreziaren gutxitzea enpleguaren eskutik dator, baina lurraldearen luze-zabalean kalitatezko enplegua sortzeko gai den herri egitasmo berri baten beharrean gara.

 

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, urtero bezala Euskal Herriari dagozkion oinarrizko aldagaiak kalkulatu eta Europako testuinguruarekin alderatu ditu. ‘Demografia’, ‘ekonomia’ eta ‘gizartea’ ataletan banatuta, orotara 27 adierazle biltzen dituen argitalpena kaleratu berri du. Argitalpen osoa deskargatzeko, sartu hemen.

Demografia

Herritar kopuruak goranzko joeran jarraitzen du laugarren urtez, eta honezkero, Euskal Herriak 3.152.200 biztanle ditu. Azken urtean hazkunde demografikoa positiboa izan da, berriz ere, atzerriko biztanleria etorkinari esker. Bizkaian, esaterako, etorkin berrien eskutik herrialdeak biztanleria galtzeari utzi dio azken biurtekoan. Zuberoa da, bere aspaldiko joeraren baitan, 2018 urtean herritarrak galtzen jarraitu duen herrialde bakarra. Zuberoak 14.781 biztanle ditu egun.

Migrazio fluxuen berrindartzea ez da nahikoa Euskal Herriko zahartze demografikoaren joera eteteko, eta Euskal Herriko egungo zahartze-tasa (%21,6), Finlandiaren pare, EB-28an baino ia bi puntu handiagoa da. Jaiotza kopuruak ere beheranzko joeran jarraitzen du, eta azken urtean, mila biztanleko 8,1 jaiotza egon dira (EB-28an 9,9 jaiotza/mila biztanleko). Azken urteko datuek jaiotzen eta heriotzen arteko azken bosturtekoaren saldo negatiboa sendotzen ari dela baieztatzen dute.

Ekonomia

2018 urtean Euskal Herriko Barne Produktu Gordinak %2,8ko hazkundea izan zuen. Azken bosturtekoaren joera positiboa berretsi arren, ekonomia-hazkundeak indarra galdu du, eta aurreikuspenen arabera, 2019 urtean hala egiaztatuko da (+%2,2). Haatik, biztanleko Barne Produktu Gordina inoizko handiena da egun (35.800€)1 Euskal Herrian, EB-28an baino 4.900€ handiagoa (2017). Halaber, eskulanaren produktibitatea inoizko mailarik garaienean dago. Manufaktura-industriak Euskal Herriko balio erantsiaren %21,5a sortu du azken urtean, eta industriak bere osotasunean, %24,7a. Euskal Herrian manufaktura-industriak krisialdi aurretik zuen pisua berreskuratu ez arren, EB-28an (%16,3) baino pisu nabarmen handiagoa dauka.

Esportazioen bolumenak gorabidean jarraitu du eta Euskal Herriak bere mugetatik kanpo 58.300 milioi €ko fakturazioa lortu du 2018 urtean. Inportazioen bolumena, aldiz, 49.500 milioi €-koa izan da. Esportazioek Euskal Herriko BPGren gainean duten pisua (BPGren %54,5) Danimarkaren parekoa da eta EB-28ko edo Alemaniako errealitatea aise gainditzen du. Brexit-a nola gauzatu zain, 2018 urtean Erresuma Batua helmuga zuten esportazioek 2.170 milioi €ko bolumena izan dute, hau da, esportazio bolumen osoaren %3,7ak Erresuma Batua izan du helmuga.

Azken urtean Euskal Herrian I+Gra bideratutako gastua 1.800 milioi €-koa izan da, BPGren %1,82. Bitarte horretan, EB-28an I+Gko gastua BPGren %2,06koa izan da. Euskal Herritik urrun kokatzen dira Danimarka (%3,05), Alemania (%3,02), edo Finlandia (%2,76), baina Euskal Herriko I+G gastuaren azpitik kokatzen dira Espainia, Katalunia edo Eskozia.

Gizartea

Azken datuen arabera, Euskal Herrian babes sozialera bideratutako gastua 24.100 milioi €-koa izan da. Hots, BPGren %23,3a bideratu da babes sozialera. Badira hiru urte ekonomia-hazkundea nagusitu bitartean babes sozialera bideratutako gastu bolumena egonkortu dela. Horregatik apaldu da gastu-maila BPGrekiko proportzioan. Gauzak horrela, Euskal Herriko babes sozialeko gastu-maila EB-28tik urruntzen ari da (BPGren %28,1a). Urrunago geratzen da Frantzia (%34,3), Danimarka (%31,6) edo Alemaniako (%29,4) babes sozial maila.

15 eta 64 urte bitarteko euskal herritarren jarduera-tasa (%74,9) gero eta handiagoa da, baita emakumezkoen artean ere (%71,2), kasu bietan EB-28aren jarduera-maila gaindituz. Bitartean, Euskal Herriak azken hamarkadako langabezia-tasa txikienarekin itxi zuen 2018 urtea (%9,8). Edozelan ere, oraindik EB-28ko langabezia-mailaren gainetik kokatzen da (+2,8), eta bai emakumezkoen arteko zein iraupen luzeko langabezia-tasek, erreferentziazko lurraldeetan baino handiagoak izaten jarraitzen dute. Langabezia murriztearekin batera Euskal Herrian pobrezia-maila gutxitzen ari da, eta azken datuen arabera, pobreziak herritarren %14,5ari kalte egiten dio (457.000 pertsona). Herritar kopuru hori handiagoa da EB-28an, Europa 2020ko estrategiako adierazleen arabera, baina Euskal Herriko azpienpleguak EB-28koaren bikoitza jarraitzen du izaten.

 

------------------------------------------------------------
1
EAP: Erosteko Ahalmen Parekatuan.